Martxoaren 11ko atentatuak

Edur Perez (Angel Gogoan plataformako kidea): "Urratsak egin behar dira egia, aitortza eta erreparazio bidean"

Bizpahiru urte dira Berruetaren senide, lagun eta auzokideek Angel Gogoan plataforma eratu zutela. Sinadura bilketa abiatu zuen auzoan abenduan, eta gertatua ez ahazteko zein justizia egiteko eskariak bi milatik gora bizilagunen babesa lortu du dagoeneko.

Ainhoa Sarasola.
2014ko martxoaren 9a
12:31
Entzun

Zergatik eta zertarako sortu zenuten plataforma?

Bere garaian, auzokideak antolatu egin ziren erantzun bat emateko, kalera atera eta justizia eskatzeko. Azken urteotan, ibilbide bat egin da, baina ikusi dugu Angel bigarren mailako biktima gisa tratatu dutela, batez ere instituzio eta ordezkari politikoen aldetik. Hor bada lan bat egiteko, eta plataformak bere buruari xedetzat jarri zion ideia argi bat helaraztea gizarteari: Angel indarkeria politikoaren ondorioz suertatutako biktima bat izan zela, eta aitortua izan behar dela. Urratsak egin behar dira egia, aitortza eta erreparazioaren bidean.

Instituzioen jarrera maiz salatu duzue. Nola jokatu dute?

Lehen momentutik instituzioak ez dira familiarengana hurbildu, ez dute egin beharreko guztia egin biktima gisa aitortu eta eragin zaien sufrimendua erreparatzeko; alde horretatik, desagertuta egon dira. Gainera, mehatxuak eta erasoak salatu ditu familiak urteotan, eta ez dute erantzunik izan. Horrez gain, urteotan egin diren mobilizazioetan hainbatetan oldartu da Polizia, eta senideak eurak ere jipoitu ditu. Ez dute urratsik egin egia aitortu eta erreparatzeko bidean. Justu aurkakoa jaso du familiak.

Auzoaren babesa, ordea, lehen unetik eskertu du sendiak.

Bai; alde horretatik, lehen unetik eta urtero egin diren ekitaldi guztietan, babes handia jaso du familiak. Baina salatzen duguna da guztiok ordezkatzen gaituztenen partetik ez dela hala izan.

Zer lortu nahi duzue sinadura bilketarekin?

Aukera ikusi genuen irudikatzeko plataformak eskatzen duenak babes handi eta zabala duela. Azken bizpahiru hilabeteotan auzoko denda askok lagunduta aritu gara sinadurak biltzen, eta edonork izan du aukera babesa agertzeko bi punturi: batetik, Angelen hilketa indarkeria politikoaren ondorio izan zela eta hala aitortua izan behar dela, eta, bestetik, auzokideok eskubidea dugula haren memoria gordetzeko. Hainbat sentsibilitatetako ehunka lagunen babesa jaso da.

Bestalde, urtero egiten dugun bezala, dendaren aurrean ekitaldi bat egingo dugu, Angelekin gertatutakoa oroitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.