Gaur irekiko du EEP Euskararen Erakunde Publikoak Ipar Euskal Herrian euskararen alde ari diren eragile eta proiektuetarako diru laguntzak eskatzeko deialdia, baina, aurtengoan, beherakada txiki batekin. Orotara 320.000 euro banatuko ditu deialdira aurkezturiko proiektuen artean, hots, iaz baino 30.000 euro gutxiago. Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean emanen du laguntza hori, eta ez batak eta ez bertzeak ez dute murriztu oro har euskararen aldeko eragileentzat ezarritako diru laguntza. Hitzarmen pean diren «elkarte jakin batzuei», ordea, 30.000 euro gehiago emanen dizkiete, eta, beraz, «bertze eragile pribatuei», gutxiago.
Eusko Jaurlaritzak 400.000 euro jarriko ditu orotara Ipar Euskal Herriko hizkuntz politika laguntzeko, eta EEPrekin elkarlanean osaturiko lankidetza funtsera bideratuko dute ekarpen hori. Guztira, 1,6 milioi euro daude funts horretan, eta EEPk ezartzen du zatirik handiena: 1,2 euro.Diru laguntzen banaketaz gain, helduen euskalduntzean, informazioaren trukaketan eta Euskararen Adierazle Sistema garatzen eginen dute lan elkarrekin bi erakundeek, Patxi Baztarrika Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Frantxua Maitia EEPko lehendakariak atzo Baionan adierazi zutenez. Baztarrikaren hitzetan, lau eremuri emanen diete bereziki garrantzia: euskararen irakaskuntzari, helduen euskalduntzeari, hedabideei eta aisialdiari.
Maitiak zehaztu duenez, bertzeak bertze Ikas Bi eta Euskal Haziak elkarteei emendatuko diete diru laguntza, eta horregatik igo da hitzarmen pean diren proiektuentzako diru zama. Eskola elebidunetako gurasoen elkarteak dira bi horiek: bata, sare publikokoa, eta bertzea, pribatu katolikokoa. Ez dute jakinarazi horien mesedetan deialdi irekiko zein proiektu aterako den kalteturik. «Bigarren multzo hori irekia da», azaldu du Maitiak, eta deialdira aurkeztuko diren proiektuen artean hautua eginen dutela adierazi du.«Ez diogu nehori kentzen, baina diru multzoa poxi bat ttipitua da. Hala ere, espero ditugu kalitatezko proiektuak».
«Memento zailean» daudela gogora ekarri du Maitiak, eta Jaurlaritzaren ekarpena eskertu du. Izan ere, aurten %3,9 apaldu da EEPren aurrekontua: 3,2 milioi euro izango ditu. Euskal Konfederazioak eta Hautetsien Kontseiluak bikoizteko eskatua dute.
B1 azterketa, laster
HABErekin elkarlanean, B1 mailako euskara gaitasunaren egiaztatze agiriaren azterketa antolatuko du aurten lehen aldiz Ipar Euskal Herrian EEPk. Gaur egun, EGA azterketa egin daiteke soilik, C1 mailari dagokiona.
EEPk 30.000 euro gutxiago ezarriko ditu aurten proiektu deialdirako
Jaurlaritzak 400.000 euro emanen dizkio EEPri aurten ere, baina «eragile nagusiei» laguntza emendatuko diete.Hezkuntza eta helduen euskalduntzea dituzte lehentasun
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu