EEPren hizkuntza politikak «sabaia» jo duela adierazi du Euskal Konfederazioak

Euskarari ofizialtasuna aitortu ezean eta hizkuntza legerik gabe EEPren lana mugaturik dagoela esan dute

Euskal Konfederazioak manifestazio bat eginen du martxoan. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Baiona
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
EEP Euskararen Erakunde Publikoaren hizkuntza politikak «sabaia» jo duela nabarmendu du Euskal Konfederazioak. 2005ean sortu zen EEP. Geroztik hizkuntza politikaren lerro nagusiak osatu ditu, herrigintzaren ekarpenetan oinarrituz. EEPk 2009ra arte hizkuntza politika hori praktikan ezartzeko urratsak egin ditu, baina orain «bere mugetara» heldu dela erran du Sebastien Castet Euskal Konfederazioko kideak. Euskalgintzako gizarte eragileen iritziz, euskarari ofizialtasuna aitortu ezean eta hizkuntza lege eraginkorrik ezean, EEPk ezin ditu garatu hizkuntza politikan adierazitako ildoak. «Sortu zelarik, adierazi genuen gure iritziz tresna interesgarria zela EEP baina muga nabarmenak zituela».

2009an Frantziako Gobernuko ikuskariek EEPren lanari buruzko bilduma egin zuten. Ikuskarien arabera, hiru ildo garatu behar zituen EEPk: haren lana segitzea, herri mugimenduekiko lankidetza sendotzea eta EEPren lantaldea sendotzea.

2010ean Jokabide esparrua izeneko bide orria onartu zuen EEPk. Norabide estrategikoan, erabileraren eremuan eragitea onartu zuen; alegia, bizitza sozialean euskararen erabilera suspertzea, aisialdian eragitea eta hedabideetan presentzia indartzea. Alta, Euskal Konfederazioaren iritziz, ez da aitzinamendurik erabileraren eremuan; EEPren esku hartzea ez da nabaritzen; eta langileria ez da handitu. Aurrekontua ere ez da aski emendatuproiektuaren ildoak garatzeko.

Aitzinamendurik ez

Azken bi urteotan botere publikoek euskara berreskuratzeko prozesuan urrats berririk ez dutela egin dio Euskal Konfederazioak. «Borondate onaren gainean oinarritu hizkuntza politikak mugak ditu, euskara ez delako hizkuntza ofiziala eta hizkuntza legerik ezean ez dagoelako lege babesik».

Egoera aldatu eta euskara berreskuratzeko prozesuan eragiteko, euskarari ofizialtasuna aitortu behar zaio, konfederazioaren ustez, eta hizkuntza lege duin bat egin. Lege horrek eragile bakoitzaren eskumen eta eginkizunak finkatu beharko lituzkeela zehaztu du Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak. Ipar Euskal Herrian gogoeta horrekin gero eta eragile gehiagok bat egiten dutela jakinarazi du Euskal Konfederazioak.

Adibide gisa, gogorarazi du abenduaren hastapenean unibertsitateko irakasle eta ikertzaile talde batek ofizialtasunaren eta hizkuntza legearen aldeko agiribat plazaratu zuela. Honako hau zioten: «Europako herrialde guztietan, Frantzian salbu, hizkuntza gutxituek legezko ofizialtasun zerbait badute, eta Frantziak erakusten duen salbuespen linguistikoa anakronikoa da».

Euskal Kulturaren Aldeko Herriarteko Sindikatuak, berriz, mozio bat onartu zuen abenduaren 3an. Bertan adierazi zuten lege bermerik gabe ez dela hizkuntzen garapen osoa segurtatzen ahal eta euskararen iraupena ofizialtasunari eta hizkuntza legeari loturik dagoela.

Deiadarra martxoan

«Euskara osoki berreskuratzeko euskarak ofiziala izan behar duela eta lege babesa behar duela pentsatzen duten guztiei dei egiten diegu martxoaren 31ko Deiadar manifestaziora», erran du Gorostiagak. Ofizialtasuna, lege babesa eta Frantziak Europako hizkuntza gutxituen ituna berrets dezan aldarrikatuko dute. Estatuan ere hainbat mobilizazio izanen dira Alsazian, Bretainian, Katalunian, Korsikan eta Okzitanian tokiko hizkuntzen ofizialtasuna eta hizkuntza legea eskatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.