TORTURA

Egia eta justizia eskatu dute torturatutako "milaka" euskal herritarrentzat

Torturari buruz Julen Arzuagak egin duen lan monografikoa aurkeztu du Euskal Memoria fundazioak, azken hamarkadetan torturak salatu dituzten herritar ugarirekin batera Inxaurrondon eginiko ekitaldi batean. Bideoa: Julen Arzuagaren adierazpenak. [Youtube]http://youtu.be/GBEzK7Ya2u8[/Youtube]

jokin sagarzazu
2012ko abenduaren 1a
22:18
Entzun

Euskal Herrian torturak utzi duen arrastoa azaltzen duen Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian liburua aurkeztu dute gaur goizean Donostiako Intxaurrondo auzoko kultur etxean, eta, bertan, torturari buruzko “egia osoa” eta justizia eskatu dute torturak eta tratu txarrak salatu dituzten milaka euskal herritarrentzat. Euskal Memoriak 4.500 tortura testigantza baino gehiago bildu ditu, eta egindako kalkuluen arabera, 10.000 tortura kasu inguru egon daitezkeela ohartarazi du.

Azken bost hamarkadetan torturak salatu dituzten 200 bat lagunekin batera, Julen Arzuagak, liburuaren egileak eta Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiko kideak, nabarmendu du Espainiako Estatuak azken bost hamarkadetan  “ia etenik gabe” erabili duela tortura euskal herritarren aurka eta helburu politiko zehatz batzuekin. Arzuagaren hitzetan, “zigorgabetasunak” ahalbidetu du torturaren erabilera “sistematikoa”. “Espainiako Estatuak babestu egin du torturaren erabilera”.

Arzuagarekin batera, ekitaldian hitz egin dute Egiari Zor fundazioko Unai Romanok eta TAT Torturaren Aurkako Taldeko Lorea Bilbaok. Bera ere troturatua izan zela gogoratu du Romanok, eta adierazi du tortura “agindu, erabili eta justifikatu” duten guztien ardurak argitzeko unea dela. Bilbaok, berriz, gogoratu du aurten ere tortura kasuak egon direla. Nabarmendu du tortura amaitzeko atxilotuen inkomunikazio aldia bertan behera uztea beharrezkoa dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.