EUSKAL HERRIA

Egian oinarritutako bake "justua" eraikitzeko deia egin dute Brouard eta Muguruzaren omenean

Duela 24 urte hil zuten Muguruza, Madrilen, eta duela 29 Brouard, Bilbon. Bizkaiko hiriburuan oroitu dituzte ezker abertzaleko militanteak zirenak.

Brouardi eta Muguruzari omenaldia, Bilbon. LUIS JAUREGIALTZO, ARP
Aitziber Laskibar Lizarribar.
2013ko azaroaren 20a
17:28
Entzun

HBko bi kideek defendatzen zituzten "bakea eta elkarbizitza" aldarrikatu dute haien senide eta lagunek eguerdian egindako ekitaldian. Ezker abertzaleko buruzagi askok parte hartu dute ekitaldian; baita Itxaso Atutxa EAJren BBBko presidenteak eta Monika Hernando Lehendakaritzako biktimen eta giza eskubideen zuzendariak ere.

Edurne Brouard, Ane Muguruza eta Elena Bartolome Brouard eta Muguruzaren seniderik gertukoenekin batera, ezker abertzaleko dozenaka kide izan dira bi militanteen omenez Bilboko Ametzola parkean egindako ekitaldian: Itziar Aizpurua, Pernando Barrena, Tasio Erkizia, Hasier Arraiz, Maribi Ugarteburu, Juanjoxe Petrikorena eta Periko Solabarria, besteak beste.

Baina ez horiek bakarrik. Itxaso Atutxa EAJren Bizkai Buru Batzarreko presidentea ere izan da omenaldian. Baita Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritzako Bake eta Elkarbizitzarako Saileko kide Monika Hernando ere. Brouard eta Muruguzaren senideek, ezker abertzaleko kideek zein dozenaka herritarrek krabelin gorriak eskaini dizkiete GALek hil zituen bi buruzagiei. Atutxak, lore sorta zuri-gorria.

Lore eskaintzaren aurretik egindako ekitaldian, Brouard eta Muguruzaren heriotzei buruzko egia osoa aldarrikatu du Idoia Muruagak, senide eta lagunen izenean. Heriotza horietan zein "estatuak bultzatutako gainontzekoetan" izandako ardura aitor dezala eskatu dio Espainiako Estatuari.

Egia, justizia eta errepazioa galdegin du, baina gehiago ere bai: "Herri honetatik indarkeria behingoagatik desager dadila". Izan ere, ETAk duela bi urte jardun armatua amaitutzat jo zuen arren "estatuak bizkar eman dio" bakea eraikitzeari, Muruagaren esanetan. Oraindik indarkeria erabiltzen jarraitzen duela salatu du, eta konponbiderako urratsik ez egiten tematu dela.

Elkarbizitza beharra plazaratu, eta horretarako "egia guztien baturatik eratorritako egia osoa" lantzeko deia egin du.

Senide eta lagunek "mendekurik" ez dutela nahi ere azaldu du. Eta ahanzturarik zein inork bere ideiak baztertzerik ere ez dutela nahi. Elkarbizitza aldarrikatu du, eta horretarako zintzoki prest daudenei eskua luzatu.

Ametzolako ekitaldiaren aurretik beste lore eskaintza bat egin diete Brouard eta Muguruzari Errekaldeko plazan, urtero bezala. Arratsaldean, ekitaldia egingo du Sortuk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.