Urriak 2
Batera
Merezi baino zarata handiagoa atera du Bilboko manifestazioaren bukaerako ekitaldiaren jiteari buruzko ika-mikak. Azken batean, Iñigo Urkulluren kritikek piztutako suaren poderioz, alderdikeriek eragindako eztabaidak oihartzun handiagoa izan du manifestazio jendetsuaren arrakastak berak baino.
Deitzaileek gogoeta egiteko beta hartu dute. hala ere, eta ondoriorik ere atera dute. Besteak beste: «Manifestazio plural bat egin behar da joaten direnekiko errespetuz, batzen dituzten leloak errespetatuz, beste lelo batzuekin lelo horiek gainditu gabe, eta elkarrekiko konfiantza sortuz». Alegia, ekitaldi bateratzaileek jarrera bateratzaileak eskatzen dituztela.
Baina garrantzitsua zer den bereiztea da garrantzitsua. Eta larunbatean, garrantzitsuena, zera izan da: eskubide guztien defentsatik abiatuta -bizitza eskubidea barne-, Espainiako Gobernutik eta auzitegietatik bultzatutako eskubide urraketei erantzun jendetsua eta askotarikoa eman diola euskal gizartearen zati handi batek, eta Madrileraino iritsi dela mezua, hedabide nagusiak manifestazioaren tamaina gutxiesten ahalegindu diren arren, espero bezala.
Gipuzkoako lehia
Gipuzkoako EAJ hasi da datorren urteko udal eta foru hauteskundeei begirako lanean, Batu Gaitezen egitasmoaren aurkezpenarekin. Ezker abertzaleak bozetara aurkezteko aukera izan edo ez izan, Gipuzkoako hauteskunde lehia era batekoa edo bestekoa izango da, baina hipotesi batean zein bestean, Foru Aldundirako borroka ez da nolanahikoa izango. Ezker abertzale legez kanporatuaren hipotesian, legez kanporatzearen abantailarekin Eusko Jaurlaritzarako aliantza egin zuten berberak izango ditu Aldundirako aurkari nagusi Joseba Egibarren alderdiak. Ezker abertzale legezkoaren hipotesi zailagoan, EAJren ezkerretara subiranisten arteko bilgunea egituratuko balitz -EA eta ezker abertzalearen artean, edo gehiagoren artean-, hor izango lukete lehiakide nagusia jeltzaleek. Ez du ematen horretarako aukerarik eta astirik egongo denik, baina, edozer gerta ere, kanpainan hasi da Gipuzkoako EAJ, Gernikako adierazpena sinatu zutenen diskurtsotik hurbilago dagoen mezuarekin, EAJren ildo ofizialetik baino.
Ezker abertzaleak ongietorria eman dio proposamenari, eta Batu Gaitezen proposamenari buruz hitz egiteko prestasuna agertu du... zeinekin eta EBBrekin. Gipuzkoako Alderdi Jeltzalerik ez baita oraindik existitzen.
Urriak 7
Isiltasun eskubidea
Alfredo Perez Rubalcabak «egiaren traza» hartu die Xabier Atristrain eta Juan Carlos Besance atxilotuek Guardia Zibilari egin omen dizkieten aitormenei. Espainiako Barne ministroarentzat sinesgarritasuna dute, nonbait, ETAko ustezko bi kideen hitzek, baldin eta hitz horiek Venezuelako gorabeherei buruzkoak baldin badira. Hori bai, atxilotu berberek Guardia Zibilaren esku jasandako tratuari buruz emandako testigantzek ez dute sinesgarritasunik, ETAko kideek sinesgarri- tasunik merezi ez dutenez.
Epelak entzun behar izan ditu Venezuelak Espainian duen enbaxadoreak, gertatu denari arreta pixka batekin eta aurreiritzi handirik gabe begiratzen dion edonork aterako lukeen ondorioa iradokitze hutsagatik: inkomunikatuta zeuden bitartean Guardia Zibilaren aurrean egindako aitormenak borondatezkoak izan ote diren zalantzagarria dela.
Sutan jarri dira Espainiako agintari politikoak eta hedabide nagusietako iritzi emaileak. Inor ez da, nonbait, pentsatzen jarri Atristraini egokitu zitzaion ofiziozko abokatuak zergatik egin ote zion uko atxilotuaren deklarazio poliziala sinatzeari; edota bi atxilotuek zergatik erabaki zuten epailearen aurrean deklaraziorik ez egitea, guardia zibilen aurrean deklarazio mamitsuak egin ondoren; edota zergatik egin zituzten beren buruaren kontrako aitormenak, urte askotako kartzela zigorra eragin diezazkiekeen aitormenak, Espainiako Konstituzioak eta Judiziamendu Kriminaleko Legeak isilik egoteko eskubidea aitortzen baldin badiete atxilotu guztiei, norbere aurka ez deklaratzeko eta norbera errudun ez jotzeko eskubidearekin batera. Atristrainek eta Besancek plazaratutako testigantza gordinen beharrik ez zegoen, Venezuelako enbaxadoreak iradoki zuenak egiaren traza zuela jabetzeko.
Urriak 8
Lopez, azkenean
Eseri eta itxoitea zen, nonbait, Patxi Lopez lehendakariaren orain arteko ekarpena, bakegintzari zegokionez. Baina azkenean, zerbait egin beharrean dela jabetu dela ematen du, Jesus Egigurenek iragarri bezala bakea ekarri zuen lehendakari gisa pasatu nahi baldin badu historiara: alderdi «demokratikoekin» elkarrizketa erronda hasiko omen du, fokuetatik kanpo. Hutsa, ezer ez kasik, baina zer hitz egina badagoela ohartu da bederen.
Egiaren traza
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu