biktimak

Egiari Zor fundazioak dio "baztertzailea" dela Oroimenari eta Bizikidetzari Buruzko Biltzarra

Gaurtik igandera bitartean izango da biltzarra, Bilbon, Jaurlaritzak antolatuta, eta, batez ere, ETAren biktimak bilduko dira. "Kongresu honen helburua da bizikidetza berri baterako oinarriak ezartzea", esan du Patxi Lopezek.

Berria.info
2012ko maiatzaren 14a
15:35
Entzun

Eusko Jaurlaritzak antolatutako Oroimenari eta Bizikidetzari Buruzko Biltzarra "baztertzailea" dela salatu du gaur Egiari Zor fundazioak, alde bateko testigantzak baino ez dituztelakoan jasoko. Bilbon izango da kongresua, gaurtik igandera bitartean, eta, batez ere, ETAren biktimak bilduko dira.

Fundazioak dio "indarkeria instituzionala" pairatu izan duten "milaka lagunen" senideek ez dutela aukerarik izango bilkuran parte hartzeko, eta jakinarazi du antolatzaileak ez direla joan harengana. Espainiako eta Frantziako estatuen "indarkeriaren" ondorioz kalteturiko pertsonak biltzen ditu Egiari Zor fundazioak.

"Egitasmo horren intentzionalitate politikoa gaitzetsi nahi dugu", esan du. Biktima guztien parte hartzea ezinbestekotzat jo du, "bizikidetza izateko esparru demokratikoa lortzeko helburuarekin".

Oroimenari eta Bizikidetzari Buruzko Biltzarrean "Euskadin bakea, askatasuna eta bizikidetza egonkortzeko biktima guztien testigantzak eta proposamenak" jasoko dituzte, Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren arabera. Azkeneko egunean Jorge Fernandez Diaz Espainiako Gobernuko Barne ministroak parte hartuko du.

Gaur, hasiera ekitaldian, Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakaria izan da. "Biltzar honen helburua da bizikidetza berri baterako oinarriak ezartzea. Etorkizuna egiten hasteko bakoitzak bere iraganaren erantzukizuna hartu behar du", esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.