Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak gaur arratsaldean esan du ETArekin "harreman zuzena" eduki duela, eta honek ziurtatu diola iazko urriaren 20an jakinarazitako erabakiarekiko "konpromisoa" duela —borroka armatua behin betiko utzi duela zioen ETAk—. Ondorioz, "batzordeak uste du prozesua itzuliezina dela eta ETAk ez duela biharko egunean indarkeria erabiltzeko inolako asmorik".
Egiaztatze Batzordeak aipatu du ETAri esan diola oraindik ere armak eta lehergaiak dituela, eta horrek "egoera arriskutsuak" sor ditzakeela.
2011ko irailaren 28an sortu zuten Nazioarteko Egiaztatze Batzordea, eta atzo eta gaur egin du bigarren bilera, Bilbon, kide denak bertan zirela. Haren arabera, alderdiekin (PSE, EAJ, "ezker abertzaleko alderdiekin"), sindikatuekin (UGT, CCOO, ELA, LAB), enpresarioen elkarteekin (Confebask), elizako ordezkariekin eta beste "euskal autoritate" batzuekin bildu dira. Irailetik hona batzordeko kideak Euskal Herrian izan dira informazioa jasotzen eta egoeraren jarraipena egiten.
"Hilketak, atentatuak, erasoak, mehatxuak eta estortsioa bukatu diren informazioa jaso dugu batzarretan", azaldu du batzordeak.
Dena dela, aipatu du kale eraso batzuk gertatu direla azkenaldian, eta dio Euskal Herriko alderdi politiko denek "baztertu" dituztela. Euskal presoen senideen aldeko diru bilketak izan direla ere adierazi du.
Bilera horiek denak "positiboak" izan dira, haren arabera, eta "une delikatu honetan beharrezkoa da guztiek neurriz eta arduraz jokatzea". "Euskal Herrian bake iraunkorra lortzeko aukera historiko honi ekarpena egiteko lanean" jarraituko dute.