Hitz gogorrak izan ditu gaur Joseba Egibar EAJko buruak ezker abertzalearentzat. Besteak beste, GBBko buruak egotzi dio "iraganaren irakurketa kritikoa" egin nahi ez izatea, eta era horretan bake ponentzia oztopatzen aritzea. "Ezker abertzaleak 35 urtean egin diren eskubide urraketak aitortu eta azaldu behar dio euskal gizarteari zergatik behar izan duen horrenbeste denbora bide demokratikoetara itzultzeko".
EH Bilduko legebiltzarkide Oskar Matutek erantzun dio Egibarri. Haren esanetan, ezker abertzaleari erasoz "beren miseriak ezkutatu" nahi ditu EAJk. "BI urte dira Jaurlaritzara heldu zirenetik eta ez dute ezer egin gizartearen bizi baldintza hobetzeko. Aldiz, ahalegin guztiak gehien dutenei laguntzera bideratu dituzte".