Ostiralean Markel Olanok (EAJ) Gipuzkoako ahaldun nagusi izendatu ondoren egindako hitzaldian esan zuen EAE-ANV baliogabetuarekin hitz egiteko bideak zehaztu nahi dituela, eta gaur Joseba Egibar EAJren Gipuzku Buru Batzarreko (GBB) presidenteari "adierazpen zuzenak" iruditu zaizkio. Gainera, Gipuzkoan alderdi harekin "hitz egitea beharrezkoa" dela adierazi du. "Ez dauka ordezkaritzarik Gipuzkoako Batzar Nagusietan, baina herrialdean alkate batzuk dauzka", esan du Egibarrek Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan.
"Legez kanporatze partzialak" horrelako "paradoxak" sortzen ditu, GBBren buruaren ustez, eta EAE-ANVrekin elkarrizketa "legezko bideak" jarraituz egingo dutela zehaztu du.
EAJk EAren laguntza jaso zuen ahaldun nagusia hautatzean, baina bien artean 51 batzarkideetatik 23 dituzte. "Bistan da elkarrizketak iraunkorra izan beharko duela beste alderdiekin, akordioetara iristeko".
ETAren su-etenaren hausturaren ondoren, "ezker abertzalea erabat blokatuta" dagoela iruditzen zaio Egibarri. "Hasteko, desagertuta dago, eta ETAk engainatuta sentitzen da, benetan uste zutelako bake prozesuaz hitz egiten zuela. Orain, ordea, indarkeria eta politika uztartuko dituzten aro berriaz hitz egiten diete [ETAk], eta [ezker abertzalekoei] ez zaie gustatzen; gainera, eskenatoki hori baztertu egiten dute".
EAJn hasi dira Euzkadi Buru Batzarraren (EBB) presidentea aukeratzeko lehen pausoak ematen, baina Egibarrek gogoratu du urrian hasiko direla hautagaiak aurkezten. Ez du esan bera aurkeztuko denik; duela lau urte aurkeztu zen, eta Josu Jon Imazek irabazi zuen.
Gipuzkoa
Egibar: "Beharrezkoa da Gipuzkoan EAE-ANVrekin hitz egitea"
"EAE-ANVk ez dauka ordezkaritzarik Gipuzkoako Batzar Nagusietan, baina herrialdean alkate batzuk dauzka", esan du EAJren GBBren presidenteak. Olano ahaldun nagusi berriak gaiaz egindako adierazpenak "zuzenak" iruditu zaizkio. EAJk eta EAk gehiengo osoa ez dutela-eta, beste alderdiekin "elkarrizketa iraunkorra" egin beharko dutela uste du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu