Politika

Egibar: "EAJk bete-betean ikusten du bere burua manifestazioan"

Jeltzaleek atzo iragarri zuten ordezkaritza bidaliko dutela bihar Bilbon eskubideen alde egingo den manifestaziora. Gaur, Joseba Egibar GBBko presidentea urrunago joan da, eta EAJk ekitaldi horretan proposatzen denarekin bat egiten duela baieztatu du. Ezker Batua ere izango da Bilbon. Aresek dio ez duela arrazoirik ikusten biharko martxa debekatzeko.

2010eko urriaren 1a
12:46
Entzun
Ez manifestazioen debekuari. Ez inongo inposiziorik, ez inongo indarkeriarik. Bai giza eskubideei, eskubide zibil eta politikoei lelopean bihar Bilbon egitekoa den manifestazioa "alderdiko jendea" izango dela adierazi du gaur Joseba Egibar EAJko GBBko presidenteak Euskadi Irratian. Egibarren arabera, ekitaldi horretara ez da jeltzaleen ordezkaritza mugatu bat joango, baizik eta asko izango dira parte hartuko duten EAJko kideak, hain zuzen ere, alderdi horrek guztiz bat egiten duelako manifestazioaren xedeekin.

"EAJ biharko manifestazioa izango da", baieztatu du aurrena; "EAJk bete-betean ikusten du bere burua manifestazio horretan", erantsi du gero. Antolatzaileak ezagun dituztela eta helburuak partekatzen dituztela nabarmendu du Egibarrek.

Ezker Batuak ere gaur iragarri du izango dela Bilbon, "eskubide denen errespetua eta indarkeria mota guztien desagerpena eskatzeko".

Ezker abertzaleak, Aralarrek, EAk, ABk eta Alternatibak bat egin dute manifestazioarekin eta joateko deialdia egin diete herritarrei, beste 40tik gora eragilek bezala. EAJren zuzendaritza ez da hainbesteraino engaiatu deialdiarekin, eta bere atxikimendua ordezkaritza bat bidaltzera mugatuko zela agertu zuen atzo.

Aresek bestelako iritzia du orain

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak gaur adierazi du ez duela arrazoirik ikusten biharko martxa debekatzeko eta ez duela espero auzitegiek debekua ematea. Irailaren 11ko bi deialdiak debekatu egin zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak, eta Jaurlaritza ados azaldu zen.

Biharko martxa 17:00etan hasiko da, Casillatik. Lehengo astean deitu zuten martxa Euskal Herriko hainbat lagun ezagunek: Paul Riosek berak ez ezik, Txaro Arteaga Emakundeko presidente ohia, Gabriel Mariscal Bizkaiko abokatuen dekano ohia, Ramon Zallo EHUko irakaslea, Pedro Ibarra EHUko irakasle izandakoa, Maixux Rekalde Elkarriko zuzendaritzakide ohi eta Lokarriko kidea, Felix Cañada abokatua, Jose Luis Longarte Gogoa elkarteko kidea, Natxo Isuzkiza apaiza, Carmen Moreno gizarte ekintzailea eta Alfonso Dubois irakasleak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.