EAJren barne hauteskundeetako sistema berezia dela-eta herrialde batean gehiengoa lortzen duen hautagaiak herrialde horretako konpromisario guztien babesa izango du behin betiko bozketan, badirudi Arabako eta Nafarroako uribatzarretan erabakiko dela, azken batean, EBBko presidentea nor izango den. Izan ere, afiliatu jeltzaleen hiru laurdenak inguru Bizkaian dauden arren 25.000 afiliatu, 32.000tik, herrialde horretan nagusitzea ez da aski batzar orokorreko bozketan gehiengo osoa lortzeko.
Imazek, hain zuzen, Bizkaian erraz irabaziko luke lehenengo itzuliko emaitzen arabera, baina Hego Euskal Herriko beste hiru lurraldeetako batean ere gehiengoa lortu behar du, EBBko presidente izateko, eta lehenengo itzulian Joseba Egibar nagusitu zen Araban, Gipuzkoan eta Nafarroan. Emaitza horiekin Egibar izango litzateke EBBko lehendakaria, baina alderdia kudeatzeko eragozpen handia izango luke: Bizkai Buru Batzar boteretsuaren babesik eza.
Araban eta Nafarroandago gakoa
Lehen itzuliko emaitzak zeharo aldatzen ez badira behintzat, Egibarrek ziurtatua du garaipena Gipuzkoan eta, beraz, Araban edo Nafarroan aurrea hartzea da Imazen aukera bakarra. Araban Xabier Arzalluzen alde agertutako 14 uribatzarrak noren aldeko egingo duten erabakigarria izango da, baina EBBko gaur egungo lehendakariak argi eta garbi Egibarren alde egin duenez, pentsatzekoa da herri horietan Egibarren aldeko joera nagusitzea errazagoa izango dela. Egibarrek Nafarroako 12 batzarretatik zortziren babesa lortu zuen eta, emaitza horrekin, Nafarroako Lurralde Batzarreko konpromisarioen % 73ren sostengua luke. Lehen itzuliko emaitzen oso bestelakoak izan beharko lukete gaurkoak, beraz, Imazek irabazteko.
Baina kontuan hartzekoa da lehenengo itzulia hautagaiak izendatzeko baino ez denez afiliatuen partaidetza askoz txikiagoa izan ohi dela, eta bigarren itzuli erabakigarrian boza ematera askoz ere afiliatu gehiago agertuko direla batzarretara.Alderdiko egiturek afiliatuak mobilizatzeko duten ahalmena ere ez dago gutxiesterik, eta jakina da Imazen atzean daudela bai Bizkaiko zuzendaritza Iñigo Urkullu buru dela baita Gipuzkoako zuzendaritzako burukide gehienak ere, horien artean Juan Mari Juaristi GBBko burua. Egibarren aliatu handiena Xabier Arzalluz EBBko lehendakaria izan da, jendaurreko adierazpenak ere egin baititu haren alde. Emaitza estuenak espero diren bi herrialdekotako presidenteak ere, ABBko Iñaki Gerenabarrena eta NBBko Jose Antonio Urbiola, Egibarrekin lerrokatu dira. Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Imaz gobernu bozeramaile duenez, haren aldeko zela argitaratu izan zen hauteskunde prozesuaren hasieran, baina baita azkenaldian Ibarretxe eta Imaz elkarrengandik urrundu egin direla ere. Dena den, inoren aldeko jarrerarik ez erakusten asmatu du.
Gaur egungo EBBko kideen artean, Markel Olano eta Gorka Agirren proposatu ditu bere taldean Egibarrek, eta Josune Ariztondo, Jose Mari Zalbidegoitia eta Jose Antonio Rubalkaba Imazek. EAJko egituren berritzea datorren urteko udaberrian bukatuko da, lurralde zuzendaritzen hautaketekin. Gipuzkoako zuzendaritzan gerta daitezke aldaketa esanguratsuenak, arduradun nagusiek Imazen alde egiten duten arren herrialde horretako afiliazioaren gehiengoak Egibarren alde egin baitu, lehenengo itzulian bederen.
EAJren barne hauteskundeak
Egibar edo Imaz, EBBko burua aukeratuko dute gaur jeltzaleek
EAJren Euzkadi Buru Batzarreko lehendakaria hautatuko duen batzar orokorra datorren urtarrilera arte egingo ez bada ere, gaur Euskal Herri osoko batzokietan egingo diren bozketetan erabakiko da Xabier Arzalluzen lekukoa nork hartuko duen, eta Euzkadi Buru Batzar berria nork osatuko duten. 244 uribatzarretan egingo dira bozketak gaur iluntzean, EBBko presidente Joseba Egibar edo Josu Jon Imaz nahi duten erabakitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu