Joseba Egibar EAJko Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak adierazi duenez, egoera "larria" delako deitu du hauteskundeetara Eusko Jaurlaritzak: "Egoera ekonomikoa eta politikoa larria da". Egibarren hitzetan, Patxi Lopez "baldintzatuta" ailegatu zen Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzara —Alderdien Legea aipatu du—, eta, PPk babesa kendu zion unetik, egoera "jasanezina" zen lehendakariarentzat.
Hiru urteko gobernu jardunetik hiru ezaugarri nabarmendu ditu Egibarrek; "programarik gabeko gobernua" zuzendu, kudeaketa kaskarra egin eta gainerako alderdiekin akordioetara ailegatzeko gai ez izana egotzi dio Lopezi. Hark zuzendutako gobernuak utziko duen zorra 2009an jasotakoa baino zortzi aldiz handiagoa izatea ere leporatu dio. Hortaz, Egibarrek esan du "lasaitua" hartu duela Jaurlaritzaren "agonia" amaitu delako.
Hauteskundeei begira, Egibarrek ez du zehaztu nahi izan zein alderdirekin bila dezakeen EAJk gobernua osatzeko balizko akordio bat. Iragarri du, ordea, EAJk bere proiektua aurkeztuko duela, eta EAJk egin lezakeen edozein akordio alderdiaren proposamen ekonomiko, politiko eta sozialarekin bat etorriko dela. EH Bildurekin hauteskundeetan lehiatzeari beldurrik ez diola gaineratu du Egibarrek, EAJk "beti" izan duelako "gizartearekiko konfiantza".
Bestalde, ohar bidez, EAJk azaldu du amaitzen ari dena "legegintzaldi galdua" izan dela, eta PSEk eta PPk egindako akordioa kritikatu du: "Legegintzaldia inolako egitasmorik gabe hasi zuten, eta porrot borobilarekin amaitu dute". Hauteskunde deialdiari "ongi etorria" eman dio EAJk, uste baitu "beharrezkoa" dela Eusko Jaurlaritza "indartsu" bat.