EUSKAL HERRIA

Egibar presoaren senideek larri baina egonkor jarraitzen dute

Hasiera batean 12 urteko alabak zauri arinak zituela uste zen arren, bosgarren ornoa zanpatuta eta lekuz mugituta daukala jakinarazi du Etxerat-ek. Laster Euskal Herriko ospitale batera ekarriko omen dituzte seme-alabak. Egibar presoaren senideek istripu larria izan zuten espetxera bisitan zihoazela. Bestalde, beste istripu baten berri eman du elkarteak; ez zen zauriturik izan. 

2012ko abuztuaren 9a
17:26
Entzun

Mikel Egibar presoaren senideek larri baina egonkor jarraitzen dutela jakinarazi du Etxerat-ek. Alabak Miguel Servet ospitalean jarraitzen du, eta bikotekideak eta semeak, Zaragozako Klinika ospitalean. Istripu larria izan zuten astearte eguerdian, Zaragoza inguruan (Aragoi, Espainia), espetxera bisitan zihoazela. 

Hasiera batean 12 urteko alabak zauri arinak zituela uste zen arren, bosgarren ornoa zanpatuta eta lekuz mugituta daukala jakinarazi du Etxerat-ek. Gainera, laster Euskal Herriko ospitale batera ekarriko omen dute, baita 14 urteko anaia ere. Semeak humeroa puskatua du, eta kolpeak ditu toraxean, buruan eta masailezurrean. Hala, ebakuntza egin behar diote, baina Euskal Herrira ekarriko dute horretarako. 

Bikotekideak jarraitzen du egoerarik larrienean. Intubatuta eta lasaigarriekin dago oraingoz, eta ebakuntza egin behar diote. "Arnasa hartzeko arazoak ditu; izan ere, masailezurra txikitua du", azaldu du Etxerat-ek. Klinika ospitalean jarraituko du. 

Bigarren istripua, Segovian 

Iragan larunbatean, Murtziako espetxetik Euskal Herrira bueltan zirela, istripua izan zuen euskal presoen senide eta lagunak zeramatzan furgoneta batek, 21:30 inguruan. Hala jakinarazi du gaur Etxerat-ek. Zorionez, ez zen zauriturik izan, kalte materialak bakarrik. 

Ezbeharra Segovia inguruan gertatu zen, gasolindegi batean. Bertara sartzera zihoazela, kamioi handi bat atzeraka abiatu zen, eta furgoneta jo zuen. Zazpi pertsona zeuden furgonetan; horietako bat, adingabea. 

2012. urtean sakabanaketak jada hamar istripu eragin dituela salatu du elkarteak. Larriena azkena, asteartean Egibarren senideek jasan zutena. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.