Gaur zabaldu da Juan Jose Ibarretxe Sabin Etxera joan zela lehengo astean, EAJren izenean Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigai izateko aukerari uko egitera, baina gaur Joseba Egibar EAJren GBBko presidenteak esan du horrelakorik ez dela gertatu. "Ezinezkoa da hori gertatzea, proposamenik jaso ez badu", adierazi du Egibarrek Euskadi Irratian. Ibarretxe lehendakari ohiak (1999-2009) lehen esana du ez duela politikara itzultzeko asmorik.
EAJk afiliatuen artetik 25 izenen proposamenak jaso ditu Eusko Legebiltzarrerako hurrrengo hauteskundeetan Jaurlaritzako lehendakarigai izateko, eta haien artean da Ibarretxeren izena. EBBk gaur aztertuko ditu 25 izenak, baina bileran ez da inolako erabakirik hartuko, dagokion batzordean aukeratuko baitute nor izango den lehendakarigai.
Ibarretxez gain, Iñigo Urkullu EBBko presidentea, Josu Erkoreka Kongresuko parlamentaria, Izaskun Bilbao europarlamentaria, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Andoni Ortuzar BBBko presidentea daude.
Batzordeak bere proposamena egiten duenean, alderdiko zuzendaritzak herrietara bideratuko du, eta ekainean bi itzulitan aukeratuko dute hautagaia, aurkezten diren guztien artean. Lehen itzulian herrietan babes handiena jasotzen duten biak igaroko dira bigarrenera.
Ekainaren 30ean prozesua itxi eta lehendakarigaia izendatzea espero da. Urkullu balitz, eta gero Jaurlaritzako lehendakari hautatuko balute, EBBko presidente kargua utzi beharko luke, eta, horren ondoren, EAJren EBBko kargu horretarako hauteskunde prozesua zabalduko litzateke.