Egibarrek esan du proposamena ez dela "ez errealista, ez egiazkoa"

2011ko abuztuaren 11
16:27
Entzun

Joseba Egibar GBBko presidenteak kritikatu egin du EA, Alternatiba eta ezker abertzalearen proposamena; haren ustez, "ez da ez errealista, ez egiazkoa". 

Prentsaurrekoaren harira, gogorarazi die "egiazko proposamenak" ez direla egiten komunikabideen bidez, eta proposamena “EAk eta Alternatibak eta Sortu legeztatu zain dagoen ezker abertzaleak egindako antzezpen huts bat" dela leporatu die Egibarrek.

EAJk ezezkoa eman izanari Alternatibak, EAk eta ezker abertzaleak erantzundakoa "penagarria" dela uste du, eta ezetz erantzuteagatik EAJk irudiz eta botoz nola ordainduko duen esanez ibiltzeak "ondo asko erakusten du zeintzuk diren haien benetako asmoak”, erantsi du.

GBBko presidentearen ustez, une honetan egiazki garrantzitsua zera da: "Behin betiko bakerako oinarriak ezartzea, elkarrekiko errespetua eta konfiantza berreskuratzea elkarrizketa eraikitzailearen bitartez, Sortu legeztatzea lortzea, ETAren indarkeria behin betiko amaitzea eta gatazka politikoa konpontzeko proposamen demokratiko positiboak zehaztea”.

Horren harian, galdera hau egin du Joseba Egibarrek: “Zer aldatu da 35 urteotan, EAJk eta ezker abertzaleak ordezkatzen dituzten abertzaletasunaren bi adierazpen batera joan daitezen hauteskunde koalizio batean, orain arte halakorik egin ez badute?”.

EAJ eta Sorturen arteko harremana dela eta, galdera batzuk zehaztu ditu Egibarrek, haren iritziz, erantzun beharrekoak: “Zerk batzen ditu bi alderdi abertzaleak edo, bestela esanda, zerk bereizi ditu edo zerk ez die utzi 35 urteotan hauteskunde itunik egiten? ETAren existentziak eta indarkeriazko estrategiak? Horrek besterik ez? Gertatu al da ETAren indarkeriaren behin betiko amaiera? Eskatu al du ezker abertzaleak delako bukaera hori?”. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.