Bihar izango da Aberri Eguna, gaur arratsaldean ezkerreko bost alderdi abertzaleek ekitaldia egingo dute Donazaharren, eta EAJk ere egin du berea, eguerdian Donostian Gipuzkoako egoitzan ikurrina altxatuta. Joseba Egibar GBBko presidentea mintzatu da, eta "euskal nazioa demokratikoki eta pausoz pauso" eraikitzeko aldarrikatu du, "nor garen ahaztu gabe. Hori defenditu izan du beti EAJk".
Egunean eguneko lanari garrantzia eman behar zaiola uste du, baina betiere "nazio bezala funtzionatuta", eta erabaki eskubidea behar dela azpimarratu du.
"Abertzaleok gure nazioa eraikitzeko eskubidea dugu", esan du Egibarrek, eta Aberri Eguna ospatzeko beharra ere badutela. "Beste batzuek ez dute behar hori, euren nazioa badutelako".
Aurtengo Aberri Eguna berezia izango dela aitortu du, "zorionez, ETAren indarkeria iragana delako".
Donostiako ekitadian izan dira, besteak beste, Arantza Tapia, Eneko Goia eta Xabier Ezeizabarrena.
EAJk bihar Bilbon egingo du Aberri Eguneko ekitaldia, Plaza Barrian 11:30etik aurrera. Iñigo Urkullu EBBko presidenteak egingo du hitzaldia.