Osteguneko saioan, Eusko Legebiltzarrak testu bat onartu zuen euskal presoen sakabanaketa amaitzeko eskatzeko, baina PSE-EEko Blanca Roncal parlamentaria botoa emateko orduan okertu egin zelako atera zen hura aurrera. Izan ere, PSEk, PPk eta UPDk espetxe politika ez aldatzeko hautua egin zuten bozketan —hiruren artean 28 boto— eta EAJren testua berak baino ez zuen babestu (27 boto). EH Bildu (21) abstenitu egin zen. Baina Roncal okertu egin zenez, EAJrena aurrera.
Bozketa ontzat ez emateko eskatu zion Roncalek Bakartxo Tejeria (EAJ) legebiltzarreko presidenteari. Honek ez zuen ontzat eman kexua, eta haren abstentzioa ofizial egin zuen, sistemak akatsik ez duela argudiatuta. Tejeriak ondoren, baina, iragarri zuen asteartean Legebiltzarreko Mahaiari bozketa berriro egiteko proposatuko diola. Horrekin ez dago ados haren alderdikide eta parlamentari Joseba Egibar, Radio Euskadi irratian gaur esan duenez.
"Gauza bat da sistema elektronikoak ez uztea botoa ematen, eta beste kontu bat da parlamentari bat ez erne egotea bozketan", adierazi du Egibarrek.
Sakabanaketa ezohiko neurria dela jaso du Eusko Legebiltzarrak onartutako testuak, eta espetxe politika aldatzeko eskatu du. Testuak dio ETAren behin betiko su-etenak "errealitate sozial" berri bat ekarri duela, eta legedia egokitu egin behar dela, "araudia gizarteratzearen eta bake sozialaren mesedetan interpretatuz". UPDren proposamen bati egindako emendakina izan zen EAJk aurkeztutakoa. UPDrena atzera bota zuen legebiltzarrak.
Egibarrek esan du EH Bildu abstenitu izanak "harridura" eragin ziola. EAJren bozeramaileak dio Bilboko urtarrileko manifestazioak eskatzen zuena jasotzen duela testuak eta ez duela ulertzen EH Bilduk ez babestea.
Ezker abertzaleak gogor erantzun dio EAJri
"EAJk sakabanaketaren diseinuan hartu zuen parte eta, ondorioz, sakabanaketak eragindako heriotza guztietan ardura du", esan du ezker abertzaleak gaur, prentsa ohar baten bidez. "EAJk alde guztietara zabaltzen ditu ardura eta erruak, bere propioak sekula onartu gabe, EAJ izan denean Espainiako Estatuaren gerra estrategiaren sostengu nagusia Euskal Herrian".
Ezker abertzaleak zehaztu du euskal presoen sakabanaketaren ondorioz 37 lagun hil direla. "EAJk eta Egibarrek eskuak oso zikin dituzte".
"Alderdi interesak alboratu eta herri ikuspegiz arituz", gatazkari behin betiko konponbidea aurkitzeko lan egiteko eskatu dio, bide batez.