Joseba Egibar EAJko Gipuzkoako Buru Batzarreko presidenteak iragarri du hondakinen auzia ekaitz politiko bihurtzeko bidean dela. Haren esanetan, ekainaren 30ean amaituko zaio epea Bilduri Batzar Nagusietan proposamen bat aurkezteko, errauste plantari alternatiba bat emango diona. Haatik, Batzar Nagusietako gehiengoa errauste plantaren alde dagoenez, Egibarrek uste du aldundia, EAJri ez ezik, «gizartearen gehiengoari ere» aurre egiteko bidean dela. Egibarrek «tren talka bat» iragarri du.
Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean, Joseba Egibarrek gogorarazi du egun indarrean den foru araudian Zubietan errauste planta bat eraikitzea jasotzen dela, hondakinen planaz gain. Hortaz, Egibarrek dio bi hilabete baino ez dituela foru aldundiak araudi hori aldatzeko proposatzeko: «Orain arte ez dute proposatu, eta ematen du ez dutela proposatuko. Aurrekontuen negoziazioetan EAJrekin hitzartutako konpromisoa ez betetzea esan nahi du, argi eta garbi».
Hitz gogorrak izan ditu Bildu koalizioari buruz — egun foru aldundian da—. «Esaten dute konbentzitu egingo dutela, baina Batzar Nagusiak errauste planta eraikitzearen alde azaldu dira». EAJren buruak gaineratu du Batzar Nagusiek dutela erabakitzeko ahalmena hondakinen gainean, eta diputazioak haren aurrean eman behar dituela azalpenak. Buruzagi jeltzaleak «gezurra esatea» egotzi dio Bilduri. «Zaborra jasotzeko atez ateko sistema nahasten dute errealak ez diren birziklatze portzentajeekin, nahita». Gaineratu du garaia iritsi zaiola Bilduri «aurrera edo atzera» egingo duen erabakitzeko.
Egibarrek salatu du Bilduren aldeko boto-emaile batzuek ere ez dutela ulertzen koalizioaren jarrera. «Filosofia berri bat sortu dute; zaborren erlijioa sortu dute», esan du. Dena den, Egibarrek uste du jarrera horrek «ondorio politikoak» izango dituela, «erabakiek ondorioak dituztelako».
Egibarrek iragarri du «tren talka» izango dela Gipuzkoan Bildurekin
Aurrekontu ituna ez betetzea eta Batzar Nagusietako gehiengoa aintzat ez hartzea egotzi dio jeltzaleak koalizioari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu