Politika

Egibarren erabakiaren baliogabetzea aurkeztu dio EAJk Espainiako Hauteskunde Batzordeari

EBBk atzo erabaki zuen GBBko buru eta Lizartzako alkate Joseba Egibarrek hartutako erabakia bertan behera uztea. Egibarrek EAJk Lizartzan lortutako zazpi zinegotzi kargutatik hiru zinegotzi kargu herritarren esku uztea erabaki zuen. Gaur bertan, atzo hartutako erabakia bete dadin, EAJko abokatuek Egibarrek egindako eskaria baliogabetzen duen idatzi bat aurkeztu dute Espainiako Hauteskunde Batzordean. Lehen orduan eman dute idatzia, eta hauteskunde batzordeak gaur edo bihar hartuko du erabakia.

2004ko uztailaren 13a
13:54
Entzun
Joseba Egibar Lizartzako alkate eta burkideak Lizartzako zinegotzi kargurako eginiko hiru izendapenak atzera botatzea erabaki zuen EBBk atzo. Luze jo zuen eztabaidak EAJren exekutibaren bileran eta, azkenik, joan den astean Josu Jon Imaz EBBko presidenteak iradoki zuena bete da: Azken udal hauteskundeetan legez kanporatutako Axurdario herri plataforma argi nagusitu bazen ere, Lizartzako zinegotzi guztiek eta alkateak EAJkoak izaten jarraitzea erabaki du EBBk, Joseba Egibarrek egindako izendapenak Estatuko Buletinean argitaratu ziren egunean.

Udal hauteskundeetan herritarrek adierazitako borondatea errespetatzeko urratsak emate bidean, Lizartzan EAJk dituen zazpi zinegotzietatik hiru herritarren esku uzteko erabakia hartu zuen Egibarrek. Izendatutako hiru lagunetatik bi Axurdario plataformaren zerrendan aurkeztu ziren. Erabakiak hautsak harrotu zituen EAJren barruan eta Imazek gaia «bideratu» beharra azpimarratu zuen.Atzo, lau ordu baino gehiagoko eztabaidaren ondoren bidali zuen EBBk aferari buruzko erabakia, lau puntuko ohar bidez. «EAJko EBBk ideologia guztien defentsa berresten du, baita haiek instituzioetan izan behar duten presentzia ere, muga bakartzat herri borondatea izanik», dio lehen puntuak. Hala, Alderdien Legea gaitzesten du.Bigarren puntuak dioenez, «Euskadiko udalerri guztietan kolektibo eta sentsibilitate politiko guztien partaidetza ahalbidetzen eta aztertzen jarraituko du EAJk, zinegotzi eta alkate askok jasaten dituzten presioez gain». «EAJri bozka eman dioten herritarren ordezkari izaten jarraituko dugu instituzioetan», dio, hirugarrenik, oharrak.

Idazkiak azken puntuan aztertzen du Lizartzan sortutako egoera. Ordezkari jeltzaleek partaidetza politikoa bermatzeko bide legalak bilatzeko saiakera «positiboki» baloratu ondoren, «alderdikoak ez diren pertsonen jokaeren arduradun» egiteko ezintasuna aipatzen du EBBk. EAJren exekutibaren ustez, Alderdi Jeltzaleak «ezin ditu beregain hartu» Lizartzan proposatutako ordezkariek, «alderdikoak ez izanik», EAJren izenean «egin ahalko lituzken ekintzak edo jarrerak». Beraz, Egibarrek izendatutako hiru ordezkarien proposamena atzera botatzea erabaki du EBBk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.