Datozen hauteskundeetarako EAk, Alternatibak eta ezker abertzaleak egindako aliantza proposamena «ez da errealista, ez zintzoa», Joseba Egibar EAJko GBBko presidentearen ustez. Eskaintza hori egin den modua eta proposamenaren helburua bera kritikatu ditu EAJko buruak: «Egiazko proposamenak» ez direla komunikabideen bidez egiten esan du, eta «EAk, Alternatibak eta Sortu legeztatu zain dagoen ezker abertzaleak egindako antzezpen huts bat» dela salatu.
Agiri baten bidez erantzun dio Egibarrek hiru alderdi horiek azaroko hauteskundeei begira egindako proposamenari. Baina, bereziki, ezker abertzaleak EAJren erantzunari egindako kritikak hartu ditu hizpide. Jeltzaleek proposamenari ezezkoa eman eta gero ezker abertzaleak erantzundakoa «penagarria» ez ezik «adierazgarria eta argigarria» ere badela uste du Egibarrek. «EAJk irudiz eta botoz nola ordainduko duen esanez ibiltzeak ondo asko erakusten du zeintzuk diren haien benetako asmoak».
Horren harira, hauteskunde aliantza egiteko proposamena ez dela «errealista» iritzi dio Egibarrek, «batzuen eta besteen lehentasun eta xedeek ez dutelako bat egiten». Hala, galdera hau egin du EAJko buruak: «Zer aldatu da 35 urteotan, EAJk eta ezker abertzaleak ordezkatzen dituzten abertzaletasunaren bi adierazpen batera joan daitezen hauteskunde-koalizio batean, orain arte halakorik egin ez badute?».
Zehazki, EAJren eta Sorturen arteko balizko harremanez galdera batzuk zehaztu ditu Egibarrek, iradokiz ETAren indarkeriaren existentzia bera eta ezker abertzaleak biolentziarekiko izan duen jarrera oztopo izan direla aliantzarik ez egiteko: «Zerk batzen ditu bi alderdi abertzaleak edo, bestela esanda, zerk bereizi ditu edo zerk ez die utzi 35 urteotan hauteskunde itunik egiten? ETAren existentziak eta indarkeriazko estrategiak? Horrek besterik ez? Gertatu al da ETAren indarkeriaren behin betiko amaiera? Eskatu al du ezker abertzaleak delako bukaera hori?», galdetu du.
Bakerako oinarriak
Bestalde, «oinarrizkoenean ere» indar abertzaleen arteko aliantza ez litzatekeela «eraginkorra» izanen iritzi dio Egibarrek. Izan ere, bizikidetza, nazio eraikuntza eta independentzia lortu nahi badira «nork bere bidea» egin beharko duela azpimarratu du.
Ezker abertzaleari, berriz, esan dio hauteskunde aurreko aliantzetara lotuta ez dagoen ibilbide propioa egin beharko lukeela ETAk borroka armatua behin betiko eten dezan. Gainera, salatu du ezker abertzaleak historian Espainiako Gorteetan izan duen parte hartzea «aldakorra» izan dela, unean uneko estrategien araberakoa: «Oraingo proposamenean, ordea, Euskal Herriko eskubide nazionalak defendatzeko ordua iritsi dela dio; beraz, ondoriozta daiteke ezker abertzalearentzat 1977an, 1979an, 2004an edota 2005ean ez zirela eskubide horiek defenditu edo gaizki defenditu zirela. Beste behin ere argiro ikusten ari gara batzuentzat mundua orain jarri dela martxan».
GBBko presidentearen irudiko, une honetan garrantzitsuena ez da abertzaleen arteko aliantzak egitea, «behin betiko bakerako oinarriak ezartzea» baizik. Horri loturik, ezinbestekotzat jo du elkarrenganako errespetua eta konfiantza berreskuratzea elkarrizketa eraikitzailearen bitartez, Sorturen legeztatzea lortzea azaroaren 20ko hauteskunde deialdirako, ETAren indarkeria behin betiko amaitzea eta gatazka politikoa konpontzeko proposamen demokratiko positiboak zehaztea.
Egibarren ustez, «ez da zintzoa» aliantza egiteko eskaintza
Proposamena «antzezpen hutsa» dela dio, eta garrantzitsuena behin betiko bakerako oinarriak ezartzea dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu