EUSKAL HERRIA

Egiguren, bake lantaldeaz: "Ez nator bat ezker abertzalea baztertzeko ideiarekin"

PSE-EEko presidenteak uste du Eusko Legebiltzarreko bake lantaldea "pixkanaka hil" egingo dela, eta ez du bertatik "ezer handirik" ateratzea espero. EAJko Pilar Garcia de Salazarrek, berriz, esan du lan egingo dutela PSE lantaldera itzul dadin eta EH Bilduk "zoru etikoari buruzko edozein zalantza" argi dezan.

Jesus Egiguren, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ, ARP
2013ko irailaren 14a
17:19
Entzun

"Ez nator bat ezker abertzalea bake lantaldean, legebiltzarrean edota gizartean baztertzeko ideiarekin. Guztion artean elkarlanean aritu behar dugu ezker abertzale sendo eta ongi antolatu bat egon dadin, baina justu kontrakoa egiten ari gara". Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea horrela mintzatu da Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean.

Egigurenen iritziz, bake lantaldea "pixkanaka hil" egingo da, "lokartu egingo da". "Ez dut uste lantalde horretatik ezer handirik aterako denik", erantsi  du. Halaber, talde guztiei egotzi die haien lehentasuna alderdia salbatzea izatea. "Krisi garaian gaude, beldurrak sortzen eta eztabaidak mozten dira. Alderdia salbatzea da lehentasuna. EAJk bere buruan pentsatzen du, PSEk, Bilduk eta PPk ere, eta bakea hitz handi bat da, ez dakidana zertarako erabiltzen den hainbeste, bakea orain dagoena baita", esan du.

"Bakean bizi gara jada, eta adiskidetzea eman da", azaldu du Egigurenek, eta erantsi: "Geratzen diren arazoak badakigu zeintzuk diren, eta horien inguruan ez da hitz egiten. Bakeak ez du atzera bueltarik eta hau da. Bakea ez da zoriontasuna, bakea bakea da".

Halaber, "harrituta" agertu da egungo egoeraren aurrean Eusko Jaurlaritza "besoak gurutzatuta" geratzen delakoan eta ez duelako Espainiako Gobernuaren aurrean kexarik azaltzen.

EAJ

EAJko Euzkadi Buru Batzarreko kide Pilar Garcia de Salazarrek, berriz, adierazi du EAJk lan egingo duela PSE lantaldera itzul dadin eta EH Bilduk "zoru etikoari buruzko edozein zalantza" argi dezan; izan ere, uste du bake lantaldea "herren" geratu dela PSEk ponentzia utzita.

Datorren ostiralean amaituko da Jaurlaritzaren Bake Planari ekarpenak egiteko epea; Garcia de Salazarren ustez, egun horretan amaituko dira "nahas-mahasak eta joko dialektikoak". Halaber, "behin betiko urratsa" egiteko eskatu dio ETAri, eta ohartarazi armak eman eta erakundearen desegitea iragartzeko denbora "amaitzen" ari zaiola.

EH Bildu

Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, "eztabaida ahalik eta barneratzaileena egiteko formulak bilatzea" da orain egin behar dutena, baina argitu du koalizioak ez duela inork "etxekotzerik onartuko". "Ez litzateke egokia izango arerio politikoari betoa jartzea helburu duen dinamika bat onartzea", gaineratu du.

EH Bildu bake lantaldean egongo da "herritarrek hala agindu digutelako", azaldu du Matutek: "Babesa eman digute baketze prozesuan parte har dezagun, jokabide politiko desberdin edo kontrakoekiko errespetuz eta borondate eraikitzailez".

PP

Borja Semper PPko legebiltzarkideak, berriz, dei egin die EAJri eta PSEri, "zeintzuekin oinarri etiko sendo eta zalantzarik gabeak batzen gaituen, Euskadi oinarri demokratikoen gainean" eraikitzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.