Egiguren: "Raxoik bakerantz bultza egiten ez badu, moztu egin beharko genuke Eusko Jaurlaritzan PPrekin"

PSE-EEko presidenteak esan du Patxi Lopezen gobernuarentzat PP ez dela agintaldia amaitzeko aukera bakarra. PSE-EEk estrategia aldatu ezean, igandeko emaitzen porrotaren ostean, hurrengoa Eusko Legebiltzarrerako bozetan jasoko dutela ohartarazi du.

2011ko azaroaren 24a
10:25
Entzun

Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak gaur goizean esan du Mariano Raxoi datorren Espainiako presidenteak "bakerantz bultza egiten ez badu", PSE-EEk Eusko Jaurlaritzan PPrekin duen akordioa moztu egin beharko lukeela. Bere hitzetan bakea ez bultzatzea "hildakoei traizioa" egitea litzateke.

Egigurenek El Correo egunkarian esan du Espainiako Gobernuak espetxe politika aldatu behar duela eta ETAren armak uzteko erabakiaren egiaztatzean parte hartu beharko lukeela. "Horrek ahalbidetuko luke Eusko Jaurlaritzaren eta Raxoiren arteko kolaborazioa".

PPri erantzukizunez jokatzeko eskatu dio Egigurenek, eta bestela akordioa hausteak ez diola beldurrik ematen esan du, "gauza bat delako eurekin gobernatzea eta beste bat euren immobismoaren aurrean azpiratzea".

"Bigarren abisua"

Gobernu akordioa hautsiz geroz, agintaldia amaitzeko beste alderdi batekin adostu litezkeela iradoki du Egigurenek esanez PP ez dela agintaldia amaitzeko aukera bakarra. Ezker abertzaleak parte hartuko duen alderdien mahaia osatzera deitu du Patxi Lopez, eta bake prozesuan lehen lerroan kokatzera.

Gainera, igandeko emaitzen ondoren, alderdikideak autokritika egitera deitu ditu, "Udal eta foru hauteskundeen ondoren, bigarren abisua izan da hori, eta aldatu ezean, hirugarrena Eusko Legebiltzarrerako bozetan etorriko da", esan du elkarrizketan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.