Ser irratian izan da Jesus Egiguren PSE-EEko presidentea, eta Euskal Herriko arazo politikoaz galdetu diote. Egigurenen ustez, Mariano Rajoyren gobernuaren ardura da "ETA iraganean uzteko arduraduna". Egigurenek ziurtatu du ez dakiela datozen hilabeteetan ETAren desarmatzerik izango ote den. "Usteltzen utzi baino, berehala landu beharreko gaia" da ETArena: "Bai ETAk bai gobernuak mugitu beharko lukete. Gertatzen dena da, zailagoa dela talde terrorista bati mugitzeko eskatzea, baina kasu honetan, ETAk eman du pausu hori".
Bada zerbait Egigureni buruan sartzen ez zaiona: "Gobernuari Espainiak inoiz izan duen arazorik larriena ia konponduta eman zaio, eta albiste onak hainbeste behar dituenean, zerbait positibo bezala erabili beharrean, ez ikusiarena egin du. Oso zaila da hori ulertzea". Egigurenek adierazi du gauzak "ondo" doazela, baina hori ez dela "politikatik horretan lagundu" dutelako izan.
Badu zertan lan egin Espainiako Gobernuak, Egigurenen ustez, "alde bakarretik, ETAk egin duen bezala". Euskal presoen gaia da hori: Egigurenentzat presoen urruntzeak "ez du zentzurik", eta horretaz "jabe da" Espainiako Gobernua, "baina ez du ezer egin, inork ez du ezer salatzen eta ez zaio inori interesatzen".
Leku "gatazkatsua" izatetik "oasi" izatera pasa da Euskal Herria Egigurenen ustez: "Ziurrenik Estatuko lasaiena da, elkarbizitza gehien dagoena, kalean ibiltzeko lasaitasun gehien ematen duena, politika gehien errespetatzen dutena eta etorkizunean aukera ekonomiko gehien dituena".