Politika

Egigurenek dio PP ez dela Jaurlaritzan izango

Gaur goizean sinatu dute PSE-EEk eta PPk lehendakariaren inbestidura saiorako erdietsi duten akordioa. EAEko sozialisten presidenteak "hurrengo bi urteetan bakebidean pauso garrantzitsuak" izango direla berretsi du.

2009ko apirilaren 1a
16:04
Entzun
Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak ziurtatu du PPrekin egin duten akordioa Eusko Jaurlaritzako lehendakaria hautatzeko inbestidura saiorakoa dela, ez PP ere gobernuan sartzeko. Beraz, haren arabera, Jaurlaritzan PSE-EE baizik ez da izango, Patxi Lopez idazkari nagusia dela lehendakaria.

Gaur 11:30ean sinatu dute bi alderdiek inbestidurarako erdietsi duten akordioa, herenegun jakinarazi zutena. Hitzarmenak gizartea batuko duen aldi berri bati hasiera emango diola jakinarazi dute PPk eta PSE-EEk. Gainera, akordioaren "balioa eta zintzotasuna" nabarmendu dute. Gobernu berria sendoa eta egonkorra izango dela adierazi dute terrorismoari eta finantza krisiari aurre egiteko, besteak beste.

Egigurenek gaur Euskadi Irratian adierazi du "normala" dela EAJk kritikak egitea hitzarmena horri, "bera ez delako egongo Jaurlaritzan, baina PSE ez da frontista izango, ez dugulako nahi". Euren politika frontista ez dela azaltzeko, Donostiako, Eibarko eta Andoaingo udaletako jarduera nolakoa den aztertzeko eskatu du PSE-EEko buruak.

Egiguren bera eta Rodolfo Ares PSE-EEko zuzendaritzakidea eta Iñaki Oiarzabal eta Leopoldo Barreda PPkoak izan dira hitzarmena sinatu dutenak. "Zergatik egin dugun PPrekin akordioa? PPk soilik babestu nahi izan gaituelako", esan du PSE-EEk presidenteak. "Historikotzat" jo du akordioa Oiarzabalek. Jaurlaritza berria maiatza hasieran martxan egongo dela iragarri du Aresek.

Gainera, PSE-EEk elkarrizketetan PPrekin izango duela lehentasuna gogoratu du Aresek, nahiz eta beste alderdi politikoekin ere negoziaketak irekita egongo direla nabarmendu duen.

Bestalde, Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako jarduneko bozeramaileak PSE-EEren eta PPren arteko akordioa "frentista" dela adierazi zuen atzo. Horren aurrean, "frentismoa soilik aurretik jokaera hori erabili dutenen buruan dagoela" adierazi du Aresek. Azkarateri lasaitzeko eskatu dio.

Eusko Legebiltzarreko presidentea Arantza Quiroga PPko kidea izango da. Ez daki euskaraz eta PSE-EEk ez du, negoziazioetan, presidenteak euskalduna izan behar duen baldintza jarri, Egigurenek jakinarazi duenez. "Lehen bileratik erabaki zen Legebiltzarreko presidentea PPkoa izango dela, eta berak erabaki du zein hautatu".

Bakea

Azkeneko egunetan bezala, "hurrengo bi urteetan bakebidean pauso garrantzitsuak" izango direla adierazi du, zehaztu gabe. "ETAk eta ezker abertzaleak" erabakiak hartu beharko dituztela nabarmendu du, "ikusi dutelako ez daukatela horrela segitzerik, boto asko bildu arren gutxiago lortu dituztelako, Aralar hazi egin delako... Hausnarketak egin beharko dituzte, baina erabakia bakarra da: politika egin nahi badute, terrorismoa utzi egin behar da. Biekin ezin da aritu".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.