politika

Egigurenek "Euskal Herrirako konstituzioa" eskatu du, "Espainiaren batasunaren berme" izateko

"Guk ere bi konstituzio izan beharko genituzke: euskal herritarrona eta Espainiako 1978koa", idatzi du egunkari batean PSEko presidenteak, eta independentziari uko egin behar zaiola uste du. "Erabateko burujabetzarik ez dago".

2012ko ekainaren 9a
12:22
Entzun

Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak "Euskadiz ahazteko Euskal Herrirako konstituzioa" eskatu du, eta uste du horrek "Espainiaren batasunaren berme" izateko balioko lukeela. El Correo egunkariak dakarren iritzi artikulu batean dio hori Egigurenek.

Euskal Herrirako konstituzioa EAEko datorren legealdian adostu beharrekoa dela iritzi dio, eta independentziari uko egin behar zaiola. "Guk ere bi konstituzio izan beharko genituzke: euskal herritarrona eta Espainiako 1978koa".

Lehengo astean Bisitaria ETB1eko saioan esan zuen bera "nazionalista" dela, "baina sabinianoa ez. Ez Euskadikoa, Euskal Herrikoa". Haren arabera, "zentroak Nafarroa izan behar du. Gu [EAE] Nafarroan sartzeko aukera jarri izan balute —ez alderantziz, xedapen gehigarrian jartzen duen bezala—, dena eginda egongo zen. Baten batek ederki engainatu zituen hauek [abertzaleak]".

Espainiako Estatuan 1978an martxan jarritako konstituzioak "aniztasuna" aintzat hartzen zuela uste du Egigurenek, "baina Madrilen eta erkidegoen erruagatik aldaketa handia izan du eta batasunaren obsesioa nagusitu da".

Berak "espainiar hiritar" izaten segitu nahi duela adierazi du, baina horretarako "euskal nazionalitatea aitortu" beharra dagoela ezinbestean. "Datorren hamarkadan Espainiak ez badu okerra zuzentzen, desegiten joango da". Katalunia ere Espainiatik alde egin dezakeela pentsatzen dio PSEko buruak.

"Erabateko burujabetzarik" ez dagoela idatzi du El Correo-n, hori "iraganeko kontua" dela. "Espainia ez da burujabea. Subirania Europarekin partekatzen du. AEBetan konstituzio bikoitzaren teoria berpiztu da. Denek dituzte bi konstituzio: estatuarena berarena eta AEBetakoa".

"Nazio bat egin daiteke, Euskal Herria, independentziarik gabe, subirania eta konstituzioa partekatuta", zioen aurreko astean Bisitaria-n. "Hemengo abertzaleek subirania nahi dute, baina hori ez dago. Konparazio batera, Espainia ez da subiranoa, hori partekatua du Europarekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.