Gaur Jesus Egiguren PSE-EEko presidenteak eta Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak Bakearen eta Berradiskidetzearen Aldeko Gernika saria jasoko dute. Lokarriren iritziz, biek "meritu aipagarriak" egin dituzte sari hori jasotzeko. Erakundeak iragarri du ordezkaritza bat bidaliko duela ekitaldira.
"Biek euren lubakia alde batera uzteko eta banantzen zituen amildegia gainditzeko ahalegin zintzo bat egin zuten. Bai Jesus Egiguren bai Arnaldo Otegi elkarrizketan aritzen, lankidetzan jarduten eta elkarri entzuten saiatu ziren", azaldu du Lokarrik ohar baten bidez.
Halaber, Otegi libre uzteko eskatu du Lokarrik: "Egun Arnaldo Otegi espetxeratuta dago. Horregatik, Lokarrik sari emate hau momentu aproposa dela uste du, hura bezala ekintza politikoak aurrera eramateagatik esklusiboki espetxeratuta dauden guztiak aske utz ditzaten berriz ere eskatzeko".