Hodei Egiluz Galdakaoko gaztea bilatzeko ahaleginek ez dute etenik. 2013ko urrian desagertu zen 23 urteko gaztea, Anberesen (Flandria), eta haren arrastoaren bila ari dira ordutik. Gaur Espainiako Senatuak adierazpen instituzional bat onartu du, eta, horretan, elkartasuna adierazi diete Egiluzen senideei. Gainera, orain arte bilaketan egindako lana eskertu eta "ahaleginari eta dedikazioari" eusteko eskatu diete Belgikako agintariei.
Pablo Egiluz eta Koro Diaz, gazte galdakoztarraren gurasoak, Senatuan izan dira adierazpena onartu den unean. Testua hainbat erakunderi igorriko diete: Anberesko Udalari, Flandriako Parlamentuari, Belgikako Senatuari eta Barne Ministerioari, Belgikako Poliziaren Zuzendaritzari, Europoli eta Europako Parlamentuko Justizia Batzordeari, besteak beste.
Senatuko saioaren ondoren, Rajoyrekin bildu dira gaztearen gurasoak. Espainiako presidenteak bere eskura dagoen "guzti-guztia" egiteko konpromisoa hartu du Hodei Egiluz aurkitzeko. Pablo Egiluzek jakinarazi duenez, Espainiako Gobernua harremanetan jarriko da Belgikako agintariekin, gaia kudeatzeko.
Joan den astean Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazekin elkartu ziren Egiluzen gurasoak Gasteizen, eta, Nerea Llanos EAEko PPko idazkari nagusiak adierazi duenez, horren bitartez iritsi zaie gurasoei Rajoyrekin biltzeko aukera.
Joan den astean izandako bileran, polizia judizialeko bi agente Anberesera bidaltzeko konpromisoa hartu zuen Fernandez Diazek, Egiluzen arrastoari jarraitzeko ikerketan lagundu dezaten. Rajoyrekin biltzeak, bestalde, kasuari “beste dimentsio bat” emango diola uste du Llanosek.
2013ko urriaren 19an galdu zen Egiluzen arrastoa, 23 urte zituenean. Ingeniari informatiko ziharduen Anberesko enpresa batean, eta lankideekin afaltzera atera zen; etxerako bidean lapurreta egin zioten, eta, ondoren, haren arrastoa galdu zen. Ordutik, era guztietako ekimenak egin dituzte Egiluzen senideek eta Hodei Bila elkarteko kideek, ikerketa zabalik manten dadin. Joan den urriaren 18an, ordea, “gizarte presioaren aroa” bukatutzat eman zuten, Egiluz desagertu zenetik urtebete pasatutakoan. Edonola, nabarmendu zuten gaztearen bilaketa ez dutela bukatutzat emango.