Desagertua

Egiluzen lagun eta senideak "pozik" itzuli dira herritarren elkartasunarekin

Asteazkenean, elkarretaratze isila egingo dute Galdakaoko udaletxearen aurrean, 20:00etan. Gaztea desagertu zenetik bost hilabete beteko dira egun horretan.

Egiluzen ikerketa ez eteteko eskatzera Amberesera joandako lagunak. LAIA FRAMIS, EFE
Maialen Unanue
2014ko martxoaren 17a
08:21
Entzun

Larunbatean, Anberesen (Flandria); igandean, Bruselan. Kilometroak egin dituzte Hodei Egiluzen senide eta lagunek asteburuan, bertako agintariei eta poliziari ikerketa ez eteteko eskatzeko. Europako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin zuen 60 laguneko taldeak atzo, Bruselan, 150 egun leloa zeraman pankartarekin lagunduta. Parlamentutik Bruselaren erdigunera joan ziren gero, eta Espainiak Belgikan duen enbaxada eta konsuletxetik pasa ziren. Elkarretaratze laburrak izan ziren, horiek egiteko baimenik ez zutela adierazi baitzieten udaltzainek. Dena den, haien atzetik ibili arren, kartelak itsasten eta elkarretaratze laburrak egiten utzi zieten.

"Pozik gaude bidaiarekin, baina presioa egiten jarraituko dugu", adierazi du Ibon Uribe Galdakaoko alkateak Bruselatik bueltan. Egiluzen irudia soinean hartuta pasa du asteburua Hodei Bila taldeak. Bi egunetan Egiluzen irudiak eta haren ama Koro Diazek idatzitako eskutitza hiriaren hainbat txokotan zabaldu zituzten. Larunbatean Anbereseko alkatearekin eta Childfocus elkartarekin elkartzeko aukera izan zuten desagertuaren senideek. Baita herritarrekin hitz egiteko ere, Uribek baieztatu duenez: "Herritarren erantzuna oso ona izan da; jende askok galdetu digu ea zergatik generamatzan elastiko hauek, eta elkartasuna adierazi digute".

Galdakaotik joandakoez gain, Anbereseko zenbait lagunen laguntza ere izan dute egunotan. Amaia Eguskozabalek hamabi urte daramatza Bruselan bizitzen. Telebistaz jakin zuen Egiluz desagertu zela, eta gaztearen gurasoei babesa agertu die egunotan. Bernard Daelemans belgikarrak ere galdakoztarrekin izan da, eta haren arabera, "herritarrak kontzientziatuta daude" desagerketarekin.

Gurasoen sufrimendua

"Ez naiz adoretsua, ahulduta eta minarekin txikituta dagoen ama naiz orain: zuen laguntza behar dut nire semea aurkitzeko". "Ama guztientzako eskutitza" izeneko idatziaren zatia da. Diazek herritarrei igorritako mezu gordinaren pasartea da. Gaztea desagertu zen egunaz gogoratzeko deia egin die bertakoei, entzun edo ikusi zezaketen "edozerrekin" lagundu dezaten: "Urriaren 19an erasotua izan zen, eta orduz geroztik ez dugu haren berririk: diru zorroa eta sakelakoa agertu dira, baina non dago Hodei? Ezin izan du desagertu inork ezer ikusi edo entzun gabe".

Asteazkenerako beste elkarretaratze bat deitu du, isila, Galdakaoko Udalak. Egun horretan beteko dira bost hilabete Egiluz desagertu zenetik. Udaletxean egingo dute, 20:00etan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.