Egin Dezadun Bidea ekimeneko kideek urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestaldira joateko arrazoi ugari daudela esan dute, Donostian egindako prentsaurrekoan. Eskubide Guztiekin, Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean, manifestaldia "itzela" izatea espero dute, "egun presoek bizi duten egoerak kalera ateratzera eskatzen duelako". Euren esanetan "espetxe politika basatia" ez da aldatu eta dispertsioak eta bizi bitarteko zigorrak indarrean jarraiten dute.
Espainia eta Frantziako Estatuetako espetxe politikak Euskal Herriak bizi duen egoerari erantzun demokratiko bat emateko bidean kokatu behar direla esan dute.
Manifestazio horrekin 300 izen ezagunek egin dute bat. Tartean Toti Martinez de Lezea eta Kirmen Uribe idazleek, Haimar Zubeldia txirrindulariak, Mariano Ferrer eta Antolio Alvarez Solis kazetariek, Asier Olaizola eta Aritz Lasa pilotariek, Kepa Junkera, Niko Etxart, Mikel Urdangarin eta Fermin Muguruza musikariek eta ERCko buru ohia Josep Lluis Carod Rovirak.
Babes gehiago lortzeko helburuarekin Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozial ezberdinekin bilduko direla esan dute eta "bertako zein kanpoko lagunen" atxikipenak jasotzeko web orrialde bat sortuko dutela.