Zazpi herrialdeetako 262 udaletako ia 1.000 hautetsik eman dute izena Udalbiltzan, Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzarrean. Hala baieztatu dute gaur prentsaurreko batean Iratxe Lopez de Aberasturi eta Maite Iturre lehendakariordeek eta Luis Intxauspe Hernaniko alkateak. Eta "potentzialitate askoz handiagoa" dutela baieztatu dute, atxikimendu kanpaina ez baita larunbatean amaituko.
Orain artean egindako lana aztertu, akatsak zuzendu eta aurrera begirako pausoak emateko hitzordua izango da larunbatekoa. Euskal Herria "nazio gisa kohesionatzeko" lana egin du Udalbiltzak, baina, gogoratu dutenez, hamazazpi urte dira Udalbiltza sortu zela, eta ordutik Euskal Herrian "aldaketa sakonak" izan dira. Hiru aipatu dituzte: Ipar Euskal Herria erakunde bakarrean batzeko ahaleginak, Nafarroako aldaketa eta "garapen teknologikoei esker" Euskal Herriko errealitatea ezagutzeko aukera.
Hizlariek azaldu dutenez, hautetsiek "adostasun berrien beharra" azaldu dute, eta bide horretan doazela esan, "poliki, baina aurrera".
Larunbatean, gainera, Udalbiltza zuzenduko duen lantaldea osatuko dute. Atarrabiako kultur etxean (Nafarroa) egingo dute, 10:30etik aurrera.