Egindako testen %11,7 positiboak izan dira Hegoaldean

1.389 kasu positibo jakinarazi dituzte Osakidetzak eta Osasunbideak; mila kasu baino gehiago izan dira egunero uztailaren 10etik, eta ez da apaltzea lortzen

arantxa iraola
2021eko abuztuaren 4a
13:09
Entzun

Plazaratu dituzte gaur ere Osakidetzak eta Osasunbideak COVID-19aren jarraipena egiteko txosten epidemiologikoak. Horien arabera, 11.835 proba egin zituzten atzo, antigeno testak eta PCRak, eta 1.389 izan ziren positiboak. Uztailaren hasieran ageriko goraldia erakutsi zuen izurriak, mila kasu baino gehiago izan ziren uztailaren 10ean, eta ordutik datuak muga horretatik gora ibili dira egunero. Ez da apaltzea lortu.

Herrialdeka, Bizkaia dago goian oraindik ere: 589 positibo izan ziren. Gipuzkoan 321, Nafarroan 303 eta Araban 154.
Erietxeetan ere agerikoa da birusaren asteotako goraldi horren eragina. Atzo bertan 11 paziente hartu zituzten Osasunbideko erietxeetan, osasun egoera larriagotuta. Osakidetzan 72 ospitaleratze berri izan ziren atzo erietxeko gela arruntetan; azken bi asteotako kopururik altuena da. Denera, ZIUetan ere dauden pazienteak aintzat hartuta, 266 lagun daude COVID-19arekin Osakidetzako erietxeetan, eta hori ere azken bi asteetako kopururik altuena da. Uztailaren 21ean 220 paziente ziren; orain 327 dira.

Ohartarazten ari dira osasun agintariak erietxeetan igartzen ari den «presioaz». Atzo bertan Nafarroako Gobernuak intzidentzia altuko lekuetan etxeratzeko agindua luzatzeko eskatu zuen, eta eman zuen argudiotako bat izan zen «oreka» zaila dela orain erietxeetan ohiko osasun jarduerei eustea izurriak eragindako beharren ondorioz.

Osakidetzak gaurko txostenean heriotzen berri ere eman du: astebetean hamalau pertsona hil dira COVID-19arekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.