Osakidetzak eta Osasunbideak azken datuak argitaratu dituzte: atzo berriro 1.383 kasu positibo atzeman zituzten. Bizkaian 608, Gipuzkoan 319, Nafarroan 281 eta Araban 143. Aurreko asteetako ildoan, mila kasu baino gehiago berriz, eta oraindik ere osasun publikoaren irizpideen arabera izurria kontrolpean jartzen hasteko oinarrizkoa den %5eko portzentajetik oso gora: testen %12,4 izan ziren positiboak.
Osasun agintariak 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa metatuari erreparatzen diote adi-adi, izurriaren eboluzioa erakusteko aldagai egokia dela iritzita, eta hor beherakada bat agerikoa da; herrialde guztietan ari da kurba beheraka. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik asteartean egin zuen agerraldian erreparatu zion datuari, horren atzean «joera» aldaketa bat dagoen esateko goiz zela esan zuen, baina beherako joeran jarraitzen dute grafikoek. Horra alderaketa bat, egunotakoa. Hilaren hasieran Araban 664 zen; orain, 616. Bizkaian, 938; orain, 847. Gipuzkoan, 804; orain, 709. Nafarroan 818; orain, 769.
Osasunbideko erietxeetara atzo lau pertsona eraman zituzten, osasun egoera larriagotuta. Osakidetzakoetara, 56.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi du pertsona bat hil dela birusaren ondorioz.