Gipuzkoa Zutik

Egitaraua aurrera, oldarraldien gainetik

Gipuzkoa Zutik Bulebarretik indarrez kanporatzen ahalegindu dira segurtasun indarrak. Bideoa: Gipuzkoa Zutik-eko kideen asmoak eta animoak (Lara Madinabeitia / Berria TB). [youtube]https://youtu.be/APPQZ8JdiG0[/youtube]

2016ko ekainaren 7a
09:25
Entzun

Astelehen goi eta arratsaldean eta astearte goizean Polizia herritarrei oldartu bazaie ere, Gipuzkoa Zutik dinamikak normaltasunez jarraitu du arratsaldean bere egitarauarekin. 17:00etan fracking-aren aurkako hitzaldi bat egin ostean, 18:00etan Kontxako hondartzan giza katea osatu dute. 19:00etan egin dute batzarra Bulebarrean.

Aste osorako egitaraua prestatua dute. Asteazkenean, 18:00etan ezarri dute hitzordua San Martin azokan, eta ardiz jantzita eta zintzarriekin joatera deitu dute. 19:00etan egingo dute batzarra, eta ondoren Kurdistani buruzko hitzaldi bat. Ostegunean, pankarta erraldoiak jarriko dituzte Zubietan 18:00etan, eta 19:00etako batzarraren ostean, pintxo potea egingo dute auzoetatik, maskarilak eta informazioa banatzen. Ostiralean, aldundia inguratuko duen giza katea osatuko dute 18:00etan, eta 19:00etako batzarraren ondoren, kontzertuak izango dira.

Horrez gain, laguntza ekonomikorako deia zabaldu dute: "Susmoa dugu gure hilabete honetako fakturak apur bat disparatuko direla. Ez da izango ura eta argiaren prezioa beste behin ere igoko dutelako. Ezta zergek beti bezala azpikoak gogorrago kolpatuko gaituztelako. Gipuzkoa Zutik ekimena abiatu genuenetik jarri nahi dizkiguten isunen erruz izango da". Adierazi dutenez, jakin badakite Mozal Legea ezarriz isun "sendoak" jaso ditzaketela, eta dei egin dute ekonomikok laguntzera: "Laguntzeko era ugari dago. Antolatu zerbait zuen auzo edo herrian, kontzertu bat, afari bat... bildu lagunartean diru apur bat. Zabaldu mezua eta ingurukoak animatu sostengua ematera. Badakizue, lagun batek hilabete amaierara heltzen ez garenean laguntzen gaituenean bezala, kopurua ez da kontua, keinua eta elkartasuna baizik".

Gaua Bulebarrean igaro duten gazte ugari atera dituzte Udaltzaingoak eta Ertzaintzak. "Orain arteko ekintza bortitzena izan da", salatu dutenez. Lau lagun atxilotu eta beste manifestari baten aurkako eginbideak hasi dituzte, "irainengatik".

Gipuzkoa Zutik-ek salatu duenez, lau lagun atzeman ditu Ertzaintzak, euren burua identifikatzeari uko egiteagatik. "Orain arteko ekintza bortitzena izan da". Hasiera batean atxilotuak bost zirela zabaldu den arren, gerora jakin da bosgarrena ez dutela atxilotu, baina haren aurkako eginbideak abiatu dituztela, "desobedientzia eta irainak" egotzita. Aurretik ere beste bi pertsona eraman zituzten atxilotuta, beren burua identifikatzeari uko egin ostean. Hirurak aske utzi zituzten minutu gutxiren buruan.

Kioskoan zeuden hainbat pertsona identifikatuta joan egin da Ertzaintza, baina Alderdi Ederren geratu da. Gipuzkoa Zutik-eko kideak Bulebarrean geratu dira, eta han jarraituko dutela iragarri dute. Ondoren, egunero moduan, batzarra egin dute nola jarraitu erabakitzeko. Arratsalderako deia ere egin diete herritarrei.

 

Ertzaintza eta udaltzaingoa atzo ere ahalegindu ziren Gipuzkoa Zutik-en kanpalekua behin betiko desegiten; alferrik, ordea. Goizean goiz Gipuzkoa plazatik bidali zituzten arren, mugimenduko kideek Bulebarrera jo zuten, eta kioskoan bildu ziren. Handik ere kanporatzeko ahalegina egin zuten segurtasun indarrek, baina gazteek protestari eutsi zioten, eta bertan egin dute gaua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.