Odon Elorza PSOEko Espainiako Kongresuko diputatuak Onda Vasca irratian esan duenez, beharrezkoa da "egoera berrira" egokitutako espetxe politika bat, PPren gobernualdian izandako "ia erabateko etena" amaitzeko.
Espetxe politika "malguago" erabiltzeko eskatu du Elorzak, legeria betez betiere. Ildo horretan, uste du egokia litzatekeela presoak Euskal Herrian edo gertu dauden espetxeetara "modu mailakatuan" hurbiltzea.
ETAk jardun armatuaren behin betiko amaieraren berri eman zuenetik, egoera aldatu egin dela aitortu du Elorzak. Espetxe politika egoera berri horretara egokitzeko eskatu dio Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari, eta ziurtzat jo du gobernua PSOEk zuzenduko balu hala egingo lukeela.