Eusko Jaurlaritzak bihar aurkeztuko du 2013ko aurrekontu zirriborroa, eta gaur goizean EH Bilduren lau legebiltzarkidek prentsaurreko bat egin dute Eusko Legebiltzarrean, koalizioak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen eztabaidarako erabiliko dituen oinarriak azaltzeko.
Leire Pinedo, Oskar Matute, Marian Beitialarrangoitia eta Dani Maeztu legebiltzarkideak "arduratuta" agertu dira, aurrekontuek "murrizketetan izango baitute oinarria". Agerraldian, EH Bilduk "larrialdi plan bat" eskatu dio Jaurlaritzari, egoera ekonomikoa aldatzeko eta krisi testuingurua gainditzeko. Besteak beste, aurrekontuen egonkortasun legearekin bukatzea proposatu dute.
Koalizioaren arabera, iragan ostiralean legebiltzarrean egin zuten enpleguari buruzko pleno monografikoak "agerian" utzi du Jaurlaritzaren "plan eza eta errezeta zaharren gailentzea bere praktika politikoan". Jaurlaritza "tamalgarri" ari dela uste dute koalizioko legebiltzarkideek: "Hartzen dituen neurri apurrek, orain arteko errezetak izaki, bizi dugun egoera larria areagotu besterik ez dute egingo".
Honako proposamenak egin ditu EH Bilduk, besteak beste: "Justizia fiskala bilatuko duen erreforma fiskala", zerga iruzurra saihesteko "BEZa bertako instituzioek arautu-kudeatu dezaten estatuarekin negoziaketa prozesua abiatzeko konpromisoa" eta "gastu publikoa eta soziala inbertsio politika bezala bultzatzea".