Ekialde Hurbila

Egoera gaiztotua zuzentze aldera "berehala esku-hartzeko" deia egin dio palestinarren Gobernuak nazioarteko komunitateari

Jerusalemgo atzoko atentatuaren ostean, guztiz gaiztotu dira berriro Isralego Gobernuaren eta PAN Palestinako Aginte Nazionalaren arteko harremanak; Tel Avivek eten egin ditu elkarrizketak. Hori dela eta, PANek "esku-hartzeko" dei "larria" egin dio nazioarteko komunitateari; batik bat, Errepide Mapa bake planaren bultzatzaile izan diren AEBei, NBEri, Europako Batasunari eta Errusiari.

2003ko abuztuaren 20a
18:52
Entzun
"Harreman politikoak eta segurtasuna erabat hondatzen ari dira. Hondatze prozesu arriskutsu hori geratzeko berehala esku hartu beharko luke nazioarteko komunitateak, bereziki, AEBek, NBEk, Europako Batasunak eta Errusiak", dio PANek gaur goizean zabaldutako agiri batek.

Palestinarren Gobernuak gogor gaitzetsi du Jerusalemgo atzoko atentatua, eta haren helburua ahalik eta zibil gehien hiltzea zenez "onartezina" dela iritzi dio. Dena den, Israelgo Gobernuari egotzi dio erasoaren ardura, hain justu, palestinarren aurkako zapalkuntza ez duelako eten. "Ekintza horren ardura Israelgo Gobernuarena da, eremu palestinarretan etengabe egin dituen operazio militarrekin, asasinatzeekin, atxiloketekin eta suntsiketekin dena hondatu baitu", adierazi du PANek.

Egoera zuzentzeko aukera bakarra, nazioarteko komunitatearen laguntzarekin ikusten du PANek: "Behin eta berriz eskatu dugu nazioarteko behatzaileak etor daitezela eta parte hartze aktiboa izan dezatela, bi aldeek (israeldarrek eta palestinarrek) Errepide Mapa aplika dezaten, eta lortu dituzten akordioen arabera bake prozesua sendotu dezaten".

Jerusalemgo autobus batean lehergailua eztandarazi zuen atzo suizida batek. Hogei lagun hil ziren erasoan, eta 130 zauritu. Zaurituen artean, bi pertsona hil edo biziko egoeran daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.