Euskal presoak eskubideak

"Egoerak txarretik okerrera" egin duela salatu du Etxeratek, eta Ibarretxeri eta alderdi politikoei "ardura politikoz jokatzeko" eskatu die

Iragan urtea "latza" izan dela eta urte berria euskal preso politikoen aurka "neurri gogorrak" hartuta hasi dela salatu du Etxeratek. "Egoerak txarretik okerrera" egin duela salatu du euskal presoen senideak biltzen dituen elkarteak, eta Ibarretxeri eta alderdi politikoei "ardura politikoz jokatzeko" eskatu die. Martxoaren 21ean Tolosako Leidor zineman urteko batzarra egingo du Etxeratek, "Batu ditzagun indarrak" goiburupean.

2004ko martxoaren 10a
18:43
Entzun
2003. urtean sakabanaketa politikak 23 istripu eragin zituela salatu du elkarteak, eta Frantzia eta Espainia euskal presoak gero eta urrunago eramateko politika areagotzen ari direla. Hala, euskal preso politikoen kolektiboaren %2a baino gutxiago dagoela Euskal Herriko kartzeletan nabarmendu dute.

Halaber, isolamendu moduloak "euskal presoen modulo arrunt" bilakatu dituztela salatu du Etxeratek. Egoera horren aurrean, Ibarretxeri eta alderdi politikoei "Espainiaren eta Frantziaren bortxakeriari aurre egiteko" eskatu die Etxeratek. "Egoerari aurre egiteko plan bat egiteko ordua" dela aldarrikatu dute euskal preso politikoen senideek.

"Ardurazko ekimenak"

Etxeratek eskaera zuzena egiten die euskal erakundeei, "ardurazko ekimenak bultza ditzaten behingoz euskal presoen alde". Espainia eta Frantzia euskal presoen kontra gogor jokatzen ari direla salatu du Etxeratek, "etxetik gero eta urrunago bidaliz, ziegatan bakartuz eta gaixo daudenak berriz espetxean sartuz".

"Arduradun politikoen arduragabekeriak ere amaitu beharko du egunen batean, hau da, Ibarretxe lehendakariak eta instituzioak kudeatzen dituzten alderdi politikoek ezikusiarena egiteari utzi eta estatuen bortxakeria horiei aurre egin behar die. Hori ez da adierazpen hutsal batzuekin egiten, egunean eguneko lanarekin baizik. Bada ordua, gure senitartekoen izaera politikoa suntsitzea helburu duten politika hiltzaileei aurre egingo dion plan bat aurkezteko", adeirazi du Saioa Agirre Etxerateko kideak.

Bestetik, Frantzian preso dagoen Julen Atxurraren egoera larria dela nabarmendu dute. 37 egun daramatza gose greban Atxurrak bere egoera eta oro har sakabanaketa salatzeko.

Martxoaren 21ean Tolosako Leidor zineman urteko batzarra egingo du Etxeratek, "Batu ditzagun indarrak" goiburupean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.