Egoitzetako neurriak zorroztea adostu dute Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek

Intzidentzia handia duten eremuetan txertatu gabeko langileei astean behin PCR proba bat egitea proposatu dute, eta hamabostean behin txertatutakoei. Proba egitea borondatezkoa izango dela argitu du Arabako Foru Aldundiak.

Lekeitioko Uribarren Abaroa zahar etxea, artxiboko irudian. LUIS JAUREGIALTZO/ FOKU
edurne begiristain
2021eko abuztuaren 24a
11:09
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek zentro soziosanitarioetako neurriak indartzea erabaki dute. Zahar etxeetan indarrean zen protokoloa eguneratu egin dute, eta, aurrerantzean, zorrotzagoak izango dira neurriak birusak intzidentzia handia duten eremuetan. Hala, adostu dutenez, 100.000 biztanleko intzidentzia tasa metatua 300 kasukoa edo hortik gorakoa den lurralde historikoetan txertatu gabe dauden langileei PCR proba bat egingo zaie astean behin, eta txertatuta daudenei, berriz, hamabostean behin. Arabako zahar etxeetako langileen kasuan, lurralde horretako foru aldundiak erabaki du txertatu gabeko langileei astean birritan egitea test diagnostikoa.
Nolanahi ere, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako egoitzetako langileak ez dituzte behartuko proba diagnostiko horiek egitera, eta, beraz, borondatezkoa izango da. Hala baieztatu diete Arabako Foru Aldundiko iturriek albiste agentziei; indarrean den legediarekin ezin da inor behartu proba diagnostiko bat egitera, iturri horien arabera.

Egoiliarrak

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek gaur adostu duten protokolo berriaren arabera, zentrora sartzean proba diagnostikoa egingo zaie egoiliar guztiei, txertoa hartuta egon ala ez. Orain arte, txertoa hartu gabe zutenei bakarrik egiten zitzaizkien probak.

Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek jakinarazi dute lehentasuna emango dietela zentro sanitarioetako zaintza eta prebentzio mekanismoei. Ohar batean gogorarazi dute txertaketarekin kasu positiboak nabarmen gutxitu diren arren txertoak ez duela erabat desagerrarazten kutsatzeko arriskua, eta, beraz, beharrezkoa dela egoitzetako neurriak hartzen jarraitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.