Carmen Escudero. Sexu abusuetan aditua

«Egokiena egin dute gurasoek: gaztea ondo egon arte itxaron»

Haurrek jasandako abusuen %80 gertukoek eginak dira; Escuderok ezinbestekotzat jo du oneratzean haien prozesua errespetatzea.

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2013ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Gazteluetako irakaslearen salaketan, ustezko biktimaren gurasoek prozedura judiziala atzeratu izana txalotu du Carmen Escudero terapeutak (Bilbo, 1966). Umeen aurkako tratu txar eta sexu abusuetan aditua da, eta Bilboko Garaitza elkarteko presidentea; indarkeria hori jasan duten nerabe eta helduekin lan egiten du, luzera begirako ondorioak tratatzen.

Haurtzaroko tratu txar eta sexu abusu gehienak biktimaren inguruko norbaitek egiten ditu. Ohikoak dira Leioakoaren antzeko salaketak?

Kasuen %90 familiaren barruan gertatzen dira. Leioakoa hor sartuko nuke, ustezko abusu egileak oso harreman zuzena zeukalako sendiarekin: haien etxean egon izan zen bazkaltzen, hezkuntza erreferente garrantzitsua zen, lotura handia zeukaten. Abagune horretan abusuak egitea botere harremana gehiegikeria handiz erabiltzea litzateke.

Hain hurbilekoa izateak abusua antzematea oztopatzen du?

Aldagai asko daude hor. Kasu honetan, badirudi adingabeak konfiantza handia duela gurasoekin, gertatutakoa kontatzeko, irakaslearekiko lotura hori gainditzeko. Oso garrantzitsua da konfiantza hori, adingabeak senti dezan aita-amei konta diezaiekeela beretzat hain gogorra den hori, sinetsiko diotelako.

Halakoetan, badago adingabeei sinesgarritasuna kentzen saiatzen denik, esanez haien testigantzak fantasietan oinarritzen direla. Zure esperientziaren arabera, horrelakoak asmatzen al dituzte haurrek?

Ume batek ez luke sekula horrelakorik asmatuko. Ez du zentzurik; zertarako egingo luke? Haurrek irudimen handia eduki dezakete, baina ezin dute horrelako zerbait asmatu, ez duelako sexualitateari buruzko kontzientziarik.

Hain justu, abusu kasu batzuk antzematen dira umeek normalizatu egiten dituztelako euren adinerako ezohikoak diren jokabide sexual batzuk, ezta?

Agian hori da adierazle agerikoena, baina beste asko daude: jokabide erregresiboak, esfinterrak kontrolatzeko zailtasunak, kasketaldi neurrigabeak, sozializazio arazoak, eskolan notak okertzea, jateari uztea... Ez ditut gurasoak izutu nahi, baina ume batek jokabidea aldatzen duenean, zer gertatzen ari zaion aztertu behar da. Adierazle nabarmenena da adinarekin bat ez datozen jokabide sexualak izatea, baina batzuetan hori ere ez da gertatzen: adingabea beste muturrera joaten da, eta nerabezaroan edo helduaroan ohartzen gara pertsona horrek ez duela ia sexu harremanik, eta beste sexuko kideekiko erlazio sozialik ere ez; baina horrelakoak ez dira arazotzat hartzen, ez dutelako ageriko gatazkarik eragiten.

Ustezko abusu egileak nolabait onartu egin du adingabea bulegora eramaten zuela, eta emakume biluzien argazkiak erakusten zizkiola, baina bere jarduna justifikatu du, esanez ikasketetan lagundu nahi ziola, edota nesken bilakaera fisikoa erakutsi. Bulegora maiztasunez eraman izana, berez, ez al da ezohiko jokabidea?

Gaztea ikasgelatik atera, bulegora eraman, atea itxi eta sareta jaistean, sekretu bat sortzen da. Haurrei irakasteko, ikasgelak daude, irekiak, saretak igota; bertan hitz egin daiteke sexualitateaz, hala nahi izanez gero.

Sexu abusua eta Elizarekin lotuta agertzean, eztabaida areagotzen da. Ustezko abusu egilea apaiza izateak eta zelibato botoa edukitzeak kasua larriago bihurtzen du?

Kasu guztiak dira larriak, baina honek fedearen gehigarria du. Gaia konplexuago bihurtzen da: zure fedea eta espiritualtasuna ordezkatzen duen pertsona batek halako zerbait egiten duenean, nola bereizten duzu gizona erakundetik?

Gazteluetako ikasle ohiaren gurasoek erabaki dute salaketa atzeratzea, gaztearen egoera psikologikoak hobera egin arte. Zer irizten diozu?

Guztiz erabaki egokia dela uste dut. Denbora asko edukiko dute salaketa jartzeko; gazteari helduko zaio indarrak bildu eta oroitzapenak kokatzeko unea, eta salaketari ekin ahal izango dio, minik hartu gabe. Oso garrantzitsua da biktimizazio bikoitza saihestea, eta umea nola dagoen kontuan izatea, bere prozesua errespetatzea.

Adingabea ondo egon aurretik prozesu judiziala abiatzeak haren oneratzea zapuztu dezake?

Bai. Haurtzaroan tratu txarrak edo sexu abusuak jasan dituen pertsona bat osatzeak prozesu luzea dakar, eta sinesgarritasun, konfiantza eta errespetu handia egon behar du. Adingabeak gurasoekin hitz egiten badu, eta aita-amek ez badute haurraren nahia errespetatzen, haren konfiantza ere hautsiko dute, eta babesgabe sentituko da, segurtasun esparru horrek huts egin diolako. Konfiantza hori oinarri-oinarrizkoa baita pertsonontzat. Egin zezaketen onena egin dute gurasoek: gaztea lasai, seguru eta indartsu egon arte itxaron.

Oneratzea lortuko duela uste duzu?

Bai. Erabat, gainera. Gurasoak alboan dituelako. Aita-ama horiek harro egon beharko lukete hartu duten erabakiaz, semea errespetatzeaz, haiei esker gaztea ondo egongo baita etorkizunean. Garrantzitsua da esatea horrelako esperientziak gaindi daitezkeela, eta gainditzen dituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.