Euskal gatazka

"Egon, egon gara; kontua da ez digutela utzi protagonismoa izaten"

Borroka armatua eta kartzelak (Susa, 2016) liburua aurkeztu dute Zuriñe Rodriguezek eta Oihana Etxebarrietak, LISIPE bildumaren lehen zenbakia. "Euskal Herriko gatazka armatuaren eta haren ondorioen irakurketa feminista" egin dute.

Jule Goikoetxea, Oihana Etxebarrieta eta Zuriñe Rodriguez, aurkezpenean. KATTALIN MINER, @MKATTALIN
Hodei Iruretagoiena
2016ko urriaren 6a
08:48
Entzun

Euskal patriarkatu armatua, Rodriguezek eta Etxebarrietak azaldua". Horixe da Borroka armatua eta kartzelak lana, Jule Goikoetxea editorearen hitzetan. Donostiako udal liburutegiko sotoan aurkeztu dute Susa argitaletxearen LISIPE bildumako lehen zenbakia.

"Absentzia lotsagarri" bati erantzun nahi izan diote horrela, Goikoetxeak azaldu duenez: "Gizonek pentsatzen dutelako mundua, eta ulertzen ez dituztenak, emakumeak, kasurako, mundutik kanporatzen dituzte". Bestelakoa izan da errealitatea, ordea, euskal gatazka armatuan ere. Rodriguez: "Egon, egon gara; kontua da ez digutela utzi protagonismoa izaten". Hori nork, noiz eta zertarako egin duen, hori aztertu nahi izan dute gaur aurkeztutako liburuan.

"Bakearekin", zer?

Etxebarrietak, batez ere, euskal emakume preso politikoen eta bikotekidea preso duten emakumeen harreman afektibo sexualei begiratu die. Rodriguezek, berriz, ETAn aritutako hainbat emakumeren esperientziak aztertu ditu. Haietako batzuen testigantzak bildu dituzte liburuan; zehazki, hemezortzi emakume eta hiru gizonenak.

Begirada horretatik egin dute hausnarketa egileek, eta hausnarketarako tresna izan nahi du liburuak ere. Rodriguez: "Gatazka deitzen dugu hori gizonen agertokia izan bada, arriskua badago bakea ere gizonek negoziatzeko; hau da, eurentzat soilik egiteko".

Lan gehiago bidean

LISIPE "euskaraz sortuko den lehen bilduma feminista" izango dela nabarmendu du Goikoetxeak. Aurrenekoaren ondoren, bidean dira liburu gehiago ere; besteak beste, Mari Luz Esteban, Iratxe Retolaza, Lorea Agirre, Idurre Eskisabel, Irene Arrarats eta Danele Sarriugartek parte hartuko dute hurrengo lanetan, erronka politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalak aztertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.