politika

Egonkortasuna bermatzeko, alderdi guztiekin bilerak egingo ditu Urkulluk

Legebiltzarreko ordezkari politiko nagusiekin bi bilera erronda egingo ditu Jaurlaritzako lehendakariak, eta ez du eman PSEri eta PPri zuzendutako akordioen berririk. Denekin eztabaidatu nahi dituen sei neurri ekonomiko zehatz jarri ditu mahai gainean, lana sortzera bideratuak, besteak beste.

2013ko maiatzaren 2a
17:55
Entzun

Eusko Legebiltzarrean alderdietako ordezkariek erantzuteko izaten duten denboraren ondoren egin du iragarpena Urkulluk, azken unean: akordiorako ateak zabalik daude, baina alderdi guztiekin hitz egin nahi du lehendakariak, akordioak lortzeko, EH Bildurekin ere bai. Aurreko egunetan iragarritako PSE-EE eta PPrekiko egonkortasunerako akordiorik, beraz, ez da egongo, oraingoz.

Aldez aurretik alderdiei emandako proposamenaren berri eman du: sei puntu aurkeztu ditu, egonkortasuna bermatzeko. Lehenik eta behin, enplegua sortzeko eta ekonomia suspertzeko ezohiko diru sail bat proposatu du, aurten 200 milioi eurokoa litzatekeena, behin defizitaren helburuak malgutzen dituztela jakinarazten dutenean. Lanik gabe luze daramatenei eta lehen aldiz lanera doazen gazteei zuzendutako beste diru sail bat ere aurkeztu du, 40 milioi eurokoa. Enpresa txikiei eta autonomoei zuzendutakoa da hirugarrena, 5 milioi eurokoa. Sektore publikoa berregituratzeko erreforma, zerga erreforma eta zerga iruzurrari aurre egiteko plan integrala dira beste proposamenak.

Urkulluk joan den martxoaren 21ean aurkeztu zituen Mila egun izeneko gobernu programaren ildo nagusiak Lehendakaritzan, eta horiek azaldu ditu berriz legebiltzarrean.

Estatus politiko berria

"Euskadirentzat estatus politiko berriaren proposamena" ere berretsi du lehendakariak. "Autogobernu sistema berria, egungo gizartearen erronkari erantzuna emateko". Ez du zehaztu noiz egiteko asmoa duen, baina EAEren autogobernuari buruzko lantalde bat sortzea proposatu du Eusko Legebiltzarrean. Batzorde horren helburua testu bat idaztea izango da, legebiltzarkideek onar dezaten, eta onartuz gero erreferendumera deituko luke.

Bien bitartean, autogobernuan "aurrera" egiten jarraitu nahi du, eta eskuz aldatu gabe dauden Gernikako Estatutuaren eskumenak aldarrikatzen jarraituko du.

EAEk Nafarroarekin eta Ipar Euskal Herriarekin dituen harremanak "sendotzearen" aldeko apustua egingo du Urkulluk, "1996ko parte hartze instituzionalaren izaera berreskuratzeko". Javier Otanoren gobernuak (PSN) eta Jose Antonio Ardanzarenak (EAJ) bi erkidegoen artean bultzatu zuten elkarlana aipatu du.

Beste zutabeetako bat "memoria duen bake justua" sortzen laguntzea izango du, ETAk behin betiko su-etena emanez gero "aukera bakarra" sortu delako bakerako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.