Hauteskundeen ondorena

"Egonkortasuna" eskatu du Rajoyk, eta "marra gorrien" aurrean "zubiak" hitzeman ditu Sanchezek

45 minutuz batzartu dira Mariano Rajoy eta Pedro Sanchez. Hiru alderdiko mahai bat osatzea eskaini die Ciudadanosek biei.

Mariano Rajoy eta Pedro Sanchez. SERGIO BARRENECHEA / EFE
Arantxa Elizegi - Jon Olano
2015eko abenduaren 23a
07:08
Entzun

Alderdi Popularreko buruzagitzak lehenbailehen itxi nahi du gobernu berria osatzeko akordioa. Horiek hala, Mariano Rajoy jarduneko gobernuburua gaur eguerdian bildu da PSOEko buru Pedro Sanchezekin, balizko kontzesioez hitz egiteko.

Bilera laburra izan da, apenas iraun duen 45 minutu. Ondoren, Twitter bidez egin du Rajoyk bilerari buruzko balorazioa: "Elkarrizketaren aldeko apustua egiten dut espainiarrei ziurtasuna emango dien gobernu egonkorra osatzeko".

Zabalago eman ditu azalpenak Sanchezek. Berretsi du Rajoy gobernuburu ez izateko PSOEren asmoa, baina aitortu du lehen indarrari dagokiola inbestidurarako elkarrizketak hastea.

Zenbait iturrik aurreratu dutenez, PP prest legoke kongresuko presidentetza sozialisten esku uzteko eta baita konstituzioa erreformatzeko ere, baldin eta trukean haiek popularren gobernua babestu edo, gutxienez, Rajoyren inbestiduran abstenituko balira. Soraya Saenz de Santamaria jarduneko presidenteordeak, ordea, gezurtatu egin du informazio hori. Gaurko agerraldian, baina, aukera hori izan du hizpide Sanchezek; haren ustez, "arrazoizkoa" litzateke kongresuko presidentetza ez izatea indar nagusikoa, bigarren indarrekoa baizik, "aniztasuna" azaltzeko.

Gobernu akordioa lortzeko elkarrizketen inguruan, nabarmendu du hauteskundeak errepikatzea "azken aukera" dela: "Interes orokorra lehenetsi behar dugu". "Lau urterako egonkortasuna" sortuko duen gobernu bat nahi du Sanchezek, eta, ildo horretan, mezua bidali dio Podemosi, aipatu gabe: "Aro berrian ezin dira alderdi politiko batzuen lerro gorriak nagusitu". Marra gorrien aurrean "zubiak" eraikiko dituela esan du, eta negoziatzeko prest agertu da zenbait ardatzetan bat egiten dutenekin: langileen estatutu berria, konstituzioaren erreforma, hezkuntza ituna eta suspertze ekonomiko "justua" aipatu ditu, besteak beste.

Kataluniaz ere hitz egin du: "Kataluniarako irtenbidea dugu: konstituzio erreforma, espainiar guztien erabakitzeko eskubidea". Eta gaineratu: "Ez dugu espainia zatitzea onartuko"

Sozialistek iragarria dute Rajoyren inbestiduraren aurka bozkatuko dutela. Alderdi Popularrak, hala ere, ez ditu ate guztiak itxi, eta badu itxaropenik hirugarren edo laugarren bozketan sozialistak abstenitu egingo direla, eta era horretan, Ciudadanosen sostenguarekin, Rajoyk aurrera egingo duela.

Rivera, negoziazio eske

Ciudadanos prest agertu da hauteskundeetan lortutako 40 diputatuekin PPren inbestidura babesteko, baina proposamen zehatzago bat egin du gaur Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagiak. Rajoyri eta Sanchezi proposatu die hirurek osatutako negozazio mahai bat sortzea, "gutxieneko akordio" bat lortu eta legealdia martxan jartzeko. "Egonkortasun ekonomikoa eta Espainiaren batasuna" bermatu, eta "bide orri erreformista" adostea luke helburu.

RIverak gaur bertan hitz egingo du Rajoy eta Sanchezekin, bere proposamena helarazteko. Zehaztu du ez dela "hiru alderdiko gobernu" bat osatzeko eskaintza, Espainiari "egonkortasuna eta bide orri bat emateko gehiengo sendo" baten proposamena baizik. Izan ere, hauteskundeak berriro egiteak "ezegonkortasuna larrituko" luke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.