Nolanahi ere, batzuk ez dute gaur goizera arte itxaron behar izan kazeta berria ikusi eta irakurtzeko. Izan ere, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean —'Egunkaria'-ren egoitzazarratua eta 'Berria'-ren egoitza estreinatu berria dauden gunean—, euskarazko kazeta sortuberriari ongi-etorria emateko ekitaldia egin zen atzo iluntzean.
Gizarte eragile asko —agintariak,alderdi politikoetako buruzagiak, sindikatuetakoak, gizarte mugimenduetakoak— eta kultur munduko ordezkari ugari bildu ziren ekitaldira; besteak beste, Anjeles Iztueta Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Lorea Bilbao Jaurlaritzako Kultura Saileko Euskara Sustatzeko eta Zabaltzeko zuzendaria, Jose Juan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako Diputatu nagusia, EAJko buruzagitzako Joseba Egibar eta Josune Ariztondo, ezker abertzaleko buru Arnaldo Otegi eta Pernando Barrena, EAko Gorka Knörr eta Onintza Lasa, Aralarreko Patxi Zabaleta eta Inaki Irazabalbeitia, ABko Mertxe Colina eta Andde Sainte-Marie, Nestor Basterretxea eskultorea, Joxeaustin Arrieta, Xabier Mendiguren Elizegi eta Laura Mintegiidazleak, Niko Lizeaga, Arantxa Gurmendi, Klara Badiola eta Iñake Irastortza aktoreak, Mertxe Aizpurua 'Gara'-ko zuzendaria, Hur Gorostiaga `Le Journal'-ekoa, Xabier Letona 'Argia'-koa, Maddalen Iriarte ETBko kazetaria,Joseba Agirretxea Localiakoa, Martin Ibarbia telebista ekoizlea, Imanol Lazkano, Jon Enbeita eta Jon Sarasua bertsolariak, AEK-ko arduradunak, UEMAkoak, Kontseilukoak… eta zerrenda amaitezina osatuko luketen beste hainbeste.
Martin Ugalde Kultur Parkera bildutako guztiek 'Berria' ikusten eta irakurtzen lehendabizikoak izateko aukera izan zuten, 22:15 inguruan kazeta berriaren egoitzaren atarian baitziren errotatibatik ateratako lehen aleak, artean bero-bero. Txaloz, ikusminez, pozez, eta, era berean, hunkituta, hartu zituen jendeak ale horiek.
'Berria'-ren lehen aleak iritsi zain zeudela, mokadutxo bat jateko aukera izan zuten bildutakoek. Dena den, ekitaldi guztiko unerik hunkigarrienetakoa horren aurretik bizi izan zen, Vicent Sanchis Kataluniako 'Avui' egunkariko zuzendariak, Alfonso Eire Galiziak 'A Nosa Terra' astekarikoak eta Caomham Oscolai irlanderaz argitaratzen den La-koak `Berria' agurtzeko hitzaldiak egin zituztenean. 'Egunkaria'-ren itxiera beren aurkako atentatu gisa sentitu zutela nabarmendu zuen Sanchisek: "'Egunkaria' egunkari on bat baitzen, eta gure egunkaria baitzen", azaldu zuen. Era berean, 'Berria' ere beren egunkaria izango dela iragarri zuen, "'Egunkaria' bezain ona, edo hobea".
'A Nosa Terra'-ko zuzendari Eirek, ostera, atzo iluntzekoa "askatasun festa" bat zela azpimarratu zuen, "halaxe baita komunikabide bat jaiotzen den bakoitzean". Baina, era berean, "identitate" festa bat zela nabarmendu zuen, eta hizkuntza eta nortasunaren lotura ekarri zituen gogora.
Atzerriko hiru komunikabide horietako arduradunez gain, Joxean Lizarribar 'Berria' argitaratzen duen EKTSAko Administrazio Kontseiluko lehendakariak, Martxelo Otamendi 'Berria'-ko zuzendariak, Xabier Mendiguren Bereziartu eta Lorea Bilbao Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko eta Zabaltzeko zuzendariak hartu zuten hitza. 'Egunkaria' itxi zutenean atxilotu zituzten eta oraindik espetxean dauden Iñaki Uriak, Xabier Oleagak eta Xabier Alegriak leku berezia izan zuten Lizarribar, Otamendi eta Mendigurenen hitzaldietan; jendeak txalo zaparrada beroz hartu zituen haiei buruzko aipamenak.
'Berria'-ri ongi-etorria
Eguerdirako agortu egin da 'Berria' salmenta puntu askotan
Lehen zenbakiak jakinmin handia piztuko zuela aurreikusita salmentan 'Berria'-ren 50.000 ale jarri diren arren, leku askotan agortu egin da eguerdia iritsi baino lehen. Jendeak, gainera, gustura hartu du kazeta berria: itxura batean, behintzat, "argiagoa" eta "irakurterrazagoa" ematen duela nabarmendu dute irakurle askok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu