Kontroletik at dago COVID-19aren transmisioa Hego Euskal Herrian. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuek berretsi baino ez dute egin azken asteotako joera: birusa erabat oldartuta dago. Atzo, beste 11.281 positibo atzeman zituzten Hegoaldeko lau herrialdeetan. Guztira, 29.416 PCR eta antigeno proba diagnostiko egin dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; hortaz, positibo tasa %38,3 da orain.
Nafarroan, egunero ematen dituzte transmisioari buruzko datuak, eta Eusko Jaurlaritzak aurreko eguneko datuen aurrerapena baizik ez du eman oraindik –beranduago kaleratuko du buletin epidemiologikoa, datuak osatuta–. Nafarroan, 1.809 kasu atzeman zituzten atzo, eta positibo tasa %51,2 da. Nafarroako Gobernuak, gainera, hiru heriotzaren berri eman du. Ospitaleei dagokienez, Osasunbideak jakinarazi du 24 pertsona erietxeratu zituztela atzo koronabirusaren sintomak larriagotuta, eta oraintxe 188 paziente daude gaitzak jota ospitaleratuta, horietatik 24 ZIUetan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, berriz, adierazi du 560 gaixo daudela gaitzarekin solairu arruntetan orain, eta beste 132 ZIUetan, larri.