Bigarren egunez jarraian, gehitu egin dira Hegoaldean atzemandako kasu positiboak. Egun bakarrean, bezperan baino 199 kasu gehiago atzeman dira: 857. Positiboen igoerak eragin zuzena izan du egindako test kopuruarekin ere. Izan ere, egindako PCR kopurua ere nabarmen handiagoa izan da: 12.204 PCR proba egin dituzte egun bakarrean, bezperan baino 2.609 gehiago.
Nafarroan salbu, bertze hiru lurraldetan gehitu dira atzemandako kasuak. Araban, 97 kasu atzeman dituzte, bezperan baino 70 gehiago; Bizkaian, 312, bezperan baino 96 gehiago; eta Gipuzkoan, 240, bezperan baino 94 gehiago. Nafarroan, berriz, 196 kasu berri atzeman dituzte, 65 gutxiago. Gainera, Nafarroan osasun zerbitzuetako 36 profesionalek eman dute positibo testean.
Positibo kopuruaz gaindi, kezka sortzen duena erietxeratuen kopurua da. Egun bakarrean 69 pertsona sartu dituzte erietxean, eta dagoeneko koronabirusa duten 364 eri daude ospitalean. Horietako 60, gainera, ZIUetan daude, bezperan baino hiru gehiago.
Azken zazpi egunetako datuak eman ditu gaur Eusko Jaurlaritzak. Koronabirusa zuten 31 pertsona zendu ziren denera iragan astean, abuztuaren 24tik 30erako astean baino lau gehiago.
Bi egoiliar zendu dira Bizkaian
Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, azken 48 orduetan koronabirusa zuten eta Bizkaiko adinekoen egoitzetan bizi ziren bi egoiliar hil dira. Birusaren bigarren olatua hasi zenetik 30 egoiliar zendu dira. Gainera, positibo kopurua hazi egin da eta dagoeneko 217 dira koronabirusa duten egoiliarrak. Horietako hamabortz, gainera, erietxean daude. Bizkaiko 155 egoitzetatik 10etan daude koronabirus kasuak dituzten egoiliarrak.
Ortziraletik aitzinera, Mungiako eta inguruko herrietako 20 egoitzetako langileri PCR probak egingo dizkiete prebentzio moduan.