Kukutza. Erresistentzia, gauez

Egun bat gehiago

Kukutza husteko mehatxuaren aurka, erresistentzia taldeak antolatu zituzten uztailean, eta joan den astetik indartu egin dituzte. BERRIAk gau bat pasatu du gaztetxean, taldeetako batekin.

Argiak itzali baino lehen. «Adineko emakumeak punkiekin elkartzen dira hemen. Konplexuak ahazten ditugu!». Gauak ere elkar ezagutzeko aukera eskaintzen du. BERRIA.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Beste behin, eguna argitzen ikusi du Kukutzak. Euria egin du gau osoan, baina goizean, eguzki izpi batzuk agertu dira hodeien artean. Eta, horrela, eguraldi aldaketan metaforak bilatzen, baten loa saihestu duen haginetako mina madarikatzen, garbiketa taldeak antolatzen, kafeari bota beharreko azukrea gatzaren ontzian bilatzen... Horrela hasi da egun bat gehiago, aste bat gehiago. Zutik, erresistentzian, hamahiru urteko auzolana eraitsi nahi dutenen aurrean eusten. Astelehena jaiotzen ikusi du BERRIAk Bilboko gaztetxe handienaren barrutik.

Gau «lasaia» izan da. Gehienek ondo lo egin dute, batik bat, atseden beharrean zeudelako. Igandea egun luzea izan baita Errekaldeko gaztetxean. Auzokoen azokari Bilbogune merkatua gehitu zaio, hiriburuko kolektiboek hiru hilabetean behin antolatzen dutena; ondoren, herri bazkaria, kalejira, hitzaldiak, kontzertua... «Nekatuta ikusten gaituzu, baina indartsu gaude», esan du Kukutzako asanbladako emakume batek.

Izan ere, jo eta su dabiltza, joan den asteartean eraikina husteko agindua Ertzaintzaren eskuetan zegoela jakin zutenetik. Agenda kulturala biderkatzea eta jendea gaztetxera erakartzea da erresistentzia egiteko moduetako bat; bertan uneoro egotea da beste bat: «Gaztetxea ez dago inoiz hutsik, egunez zein gauez jendea dago».

Joan den astean areagotu zen indar erakustaldia, baina uztailean hasi ziren erresistentzia antolatzen. «Hiru hilabete daramatzagu Kukutza erresistentziarako prestatzen», zehaztu du asanbladakoak. Argi du ez dituztela bertatik erraz aterako, eta Ertzaintzak «sarraskia» eragingo duela gaztetxera sartzen denean: «Kaleratzearen egunean gertatzen denaren erantzukizuna Bilboko Udalak izango du. Ez du borondate politikorik eduki: modu askotara konpon zitekeen hau, eta haiek erabaki dute indarrez egitea».

Gaueko txanda osatzeko falta diren bi pertsonen zain dagoela eman ditu azalpenok emakumeak. Ondoan du asanbladako beste kide bat, Errekaldeko bizilaguna, gizonezkoa. Auzokoen inplikazioaz mintzo da: «Gurasoek proposatu digute umeekin gau bat pasatzea hemen. Badakite hau desager daitekeela, eta hemen haurrek primeran pasatzen dute, Disneylandia bezalakoa da eurentzat». Esperientzia gogorra baina oso polita izaten ari dela gaineratu du: «Auzoan sekulako elkartasuna sortu da, eta badirudi berpizten ari dela Errekalderen historia eta mugimendua».

Ondo antolatuta

23:00etan hasi da txanda, baina ia ordubete lehenago bildu dira bertan gaua egin behar dutenak. Azkenean, Kukutzako asanbladako kideak, auzotarrak eta brigadistak batuta, 30 pertsonatik gora elkartu dira beheko solairuan. Kanpoko atea itxi, eta gora doaz. Labean erretako kalabaza, kuiatxo eta patataz beteriko erretilu pare bat eman diete lehen solairuko sukaldetik atera berri direnek; usain goxoa darie, eta bigarren pisurako eskaileran gora, batzuek ezin izan diote tentazioari eutsi.

Koblakari elkartearen gunean gelditu dira, Bizkaiko malabarista taldeen egoitzan. Erdiek bertan egingo dute lo, eta beste erdiak etxebizitzara igoko da; kalean ere jendea dago, guardia egiten. Dena ondo antolatua dute: Ertzaintza gaur etortzen bada, ez ditu ezustean harrapatuko. «Barrutik eta kanpotik defendatuko dugu gaztetxea. Guztion artean harresi bat eraikiko dugu, kaleratzea geldiarazteko».

Taldea banandu baino lehen, batzarra egiten dute, hurrengo eguneko jarduna antolatzeko, batez ere. Jantokia dute hizpide: goizago afaltzen saiatuko dira. Ondoren, ohar bat: «Ezer arraroa sumatuz gero, abisatu solairuko arduradunari». Eta, azkenik, animoak, «arrisku handiko astea hastera goaz».

Ez dago lasaitzerik. Argiak amatatu baino lehen, ezin saihestuzkoa da Kukutza hustera noiz etorriko diren eztabaidatzea. Joan den astean gaztetxean bildutako jendetza ikusita, itxarongo dutela argi dute, baina, noiz arte? «Hilabete. Gu ahuldu arte», dio batek; «Gu ahultzeko dinamika erabil dezakete, baina ez digute denbora askorik emango», beste batek.

Kanpoko oihartzuna

Gauerdia jotzean, lurrean eserita daude erresistentzia taldeko gehienak, solasean, solairuko arduradunak eskainitako ezkai infusioa dastatzen. «Oso ona da birikak garbitzeko, eta erlaxatzeko», azaldu die kanpotarrei. Azken egunotan lauzpabost lagun heldu dira Alemaniatik. «I like Kukutza», dio Berlingo mutil batek.

Ia bi hilabete daramatza bertan. Egunez, saxofoia jotzen du kalean, Kukutzarako diru pixka bat lortzeko; auzoko dendetan elikagaiak biltzeko taldeetan ere parte hartzen du. Penaz dio sorterrian ez dela gaztetxe okupaturik geratzen: «1990eko hamarraldiaren hasieran 120 zeuden; egun hogei daude, baina denek dute legezko kontratua».

Hanburgon bai, badaude, baina larri. Hango Rote Flora kultur etxe okupatuaren aldeko pankarta margotzen ari da 28 urteko gazte bat: «Europako hirietan dena pribatizatu dute, eta guk sistematik kanpo dagoen espazio bat daukagu: ez da ordaindu behar, ez dugulako dirurik egiten». Rote Floraren eraikina publikoa zen, eta bertan zeudenek ez zutenez hura kudeatzeko kontraturik onartu, saldu egin zuen udalak; orain, jabeak berriro saldu nahi du. «Borroka bera da, eta antzeko arazoak ditugu. Guretzat oso garrantzitsua da Kukutzan egotea».

Alemaniarrak «liluratuak» ditu Kukutzak: «Auzoan denek erabiltzen dute. Etxeak posizio erradikala dauka, baina mundu guztiak onartzen du». Asanbladako kide batek azaltzen die gaztetxea ezinezkoa litzatekeela Errekalde gabe. Langile auzoa dela eta borrokatuz lortu zituztela osasun etxea, plaza, zentro psiko-soziala... «Frankismoko lehen familia elkartea hemengoa izan zen, eta Pilar Careaga alkatea kargutik botatzea lortu zuen. Auzokideek semaforoak eskatu zizkioten, eta hark erantzun zuen ez zegoela nahikoa istripu larri. Handik gutxira haur bat hil zen, auto batek harrapatuta. Eta alkateak dimisioa eman behar izan zuen».

01:34ean argiak itzali dituztenean, hiru gizon baino ez dira geratzen itzarturik. «Brigadista mistikoak gara», dio haietako batek; «Hemen egotea pertsonak defendatzea da, sentimenduak, adreiluaren kontra». Portugaletekoa da; lanean, astelehen eta ostiral goizetako txandak aldatu ditu, gaztetxean lo egin ahal izateko. Ondoan duen kroaziarrak hiru hilabete daramatza bertan. Sen onaren aldeko militantea da, borroka guztiak elkartzen dituelakoan: «Antolakuntza sen onetik egiten da. 1983ko uholdeetan ikusi zen, auzotarrek euren etxeak berreraiki zituztenean».

Hirugarrena zorretan dago. Patinetan ibiltzen hirutan hautsi du hanka, eta hiruretan gaztetxean sendatu da, bertako tresnak eta laguntza baliatuta. «Kukutzari esker naiz hanka gainean ibiltzeko gai». Sinbolo bihurtu da gaztetxea: «Etxe okupen egoitza nagusia bezalakoa da. Hau erortzen bada, gainerakoak hauskorragoak izango dira».

Biharamuna

Aurreko gauekin alderatuta, lasai daude: «Abokatuaren telefonoa ere ez dut apuntatuta ekarri». Lotara doaz 03:00 pasata direnean. «Bihotzaldi txarra daukat gaurko gauarekin», dio batek; «Bada, arrisku handieneko orduetan joango gara lotara, 04:00etatik 08:00etara», gaineratu du besteak.

Baina bihotzaldia ez da beteko.Goizean goizeko autoen joan-etorriak hautsi du isiltasuna. Halere, ia denek eutsi diote atseden hartzeko beharrari, 10:00etan solairuko arduradunak esnatu dituzten arte. Txanda aldaketa. Azkar jarri dira martxan, eta asanbladako bati irribarrea agertu zaio aurpegian: «Beste egun bat». Beste garaipen bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.