Egun beltzenetan bigarrena izan da asteazkena, hildako kopuruari dagokionez

Gutxienez 59 pertsona hil dira Euskal Herrian koronabirusak jota. 900 hildakoen langa gainditu da. 462 positibo gehiago atzeman dituzte Hegoaldean.

Gasteizko farmazia bat. ENDIKA PORTILLO, FOKU
Ekhi Erremundegi Beloki - Ane Eslava
2020ko apirilaren 9a
13:14
Entzun

Hildako kopuruak gora egin du berriro. Apirilaren 1etik beherakada bat izaten ari zela bazirudien arren, azken bi egunetan gora egin du, eta, krisia hasi zenetik, asteazkenekoa hildako gehien egon diren bigarren eguna izan da. 59 pertsona hil dira azken 24 orduetan Hego Euskal Herrian. Kopuru hori soilik apirilaren 1ean gainditu zen, 61 hildakorekin. Gainera, 462 positibo atzeman dira. Datu horiekin, 13.406 dira diagnostikatutako kasuak Euskal Herrian, eta hildakoak 905 dira.

Atzo 20:00etan egindako kontaketaren arabera, Araban 2.868 (+62), Bizkaian 5.182 (+214), Gipuzkoan 1.756 (+78) eta Nafarroan 3.575 (+108) dira positiboak. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailburuaren erranetan, "ahalegin handia" egiten ari dira kasuak goiz detektatzeko: guztira 26.204 test egin dituztela erran du; atzo 1.780, eta horietarik %21 baizik ez zuen positibo eman. Murgak uste du horrek "joera aldaketa" erakusten duela. Ondoko egunetan test gehiago egiteko asmoa erakutsi du.

Positibo eman duten kasu berrien kopuruak beherantz jarraitzen du. 543 izan ziren atzo, eta gaur, berriz, Hegoaldean 462 dira. Nafarroa %3,1eko igoera izan du, baina izurritea hasi zenetik izan den hazkunderik txikiena izan da. Nafarroan hil direnen batez besteko adina 81 urtekoa da. Nafarroan 1.526 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte aste hauetan koronabirusarengatik; horietatik 124, Zaintza Intentsiboetako Unitatean. Azken egunean 32 gehiago ospitaleratu dituzte, eta beste 73k sendagiria jaso dute. Gainera, hirugarren egunez jarraian, ez dute inor ZIUn sartu. Hala, ospitaleratutakoen kopuruak beheranzko joerari eusten dio.

Jaurlaritza, test azkar bat prestatzen

Halaber, Koronabirusaren test laster bat prestatzen ari dira adierazi du Jaurlaritzak. Helburua: «Koronabirusa hautematea paziente sintomatikoen eta asintomatikoen lagin klinikoetan oligonukleotidoen zunda erabiliz». Gaixotasuna hautemateko proba "azkarra, segurua eta merkea" da Murgaren hitzetan.Hautemate-mekanismoa haurdunaldi testa egiteko erabiltzen denaren «oso antzekoa» dela adierazi du.

Orotara, gisa bereko 60 proiektu lantzen ari da Eusko Jaurlaritza Murgaren hitzetan, nagusiki, koronabirusak eragindako pneumoniaren tratamendura, birusaren azterketa epidemiologikora, diagnostiko goiztiarrera edo gaixotasun honek duen inpaktu sozioekonomikora bideratuak.

Ertzaintza eta Udaltzaingoen kontrolak

Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako sailburuaren hitzetan, Ertzaintzak eta Udaltzaingoek kontrola areagotu dituzte azken egunetan, Aste Santuan mugimenduak eragozteko. Zenbakiak ere eman ditu: 83.000 ibilgailu gelditu dituzte orain arteko kontroletan, eta 49.000 pertsona identifikatu dituzte. Guztira 12.000 isun jarri dituzte "udaltzain eta ertzainen esanak ez betetzeagatik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.