Bederatzietatik eguerdiko ordu bata bitartean, herritarrek lore sortak jarri dizkiote Andra Mariri. Erromeriaren ibilbidean zehar askotariko elkarte eta txokoetako jendea kalera atera, eta tradizioari jarraiki, loreak eskaini dizkiote Andre Mariari. Eguerdi aldean, meza batekin amaitu dute erromeria.
Goizeko protagonista erromeria izan den arren, blusek jantzi dute gaur Gasteiz. Egitarauan askotariko ekitaldiak antolatu dituzte: kalejirak, pilota txapelketak, erraldoi eta buruhandiak, konpartsak, bola-jokoak, dantzaldiak, gastronomia, eskulangintza, herri kirolak, haurrentzako ikuskizunak, musika, kontzertuak eta bertsolariak, hortaz, eskaintza zabala du Gasteizera bertaratzen den orok.
Gaueko plangintzaren baitan kontzertu ugari egongo dira. Gauerdian hasiko dira Kiko Veneno, Eñaut Elorrieta eta Anje Duhalde, besteak beste. Hortik aurrera, karaokeak ere izango du bere lekua txosnen inguruan, eta horiek irekita egongo dira goizeko hiru terdiak arte.
Zeledoni ongietorria
Milaka lagun bildu ziren Andre Maria Zuriaren plazan, Zeledoni ongietorria egiteko atzo. Espero bezala, jai giroan. Arratsaldeko 18:00etan beteta zegoen Gasteizko Andre Maria Zuriaren plaza, eta Zeledon bere aterkiarekin San Migel Dorrean agertu bezain pronto lehertu zen festa, Andre Maria Zuriaren jaiei hasiera emanez. Milaka izan ziren plazan bildutakoak aurten ere txupinazoan; horietako asko zenbait orduz egon ziren zain.
Txupinazoa Daniel Fernandezek bota zuen, Arabako Elikagai Bankuko arduradunak. Txupinazoa bota ondoren esan zuen bere desioa zela festak amaitzean aurtengoak jai solidariogoak izan direla baieztatu ahal izatea. Horretarako elikagaien bankuarekin kolaboratzera deitu zituen herritarrak.
Hiru minutu eta erdi
Gorka Ortiz de Urbinak ziztu bizian zeharkatu zuen plaza blusen laguntzarekin. Hiru minutu eta erdi behar izan zituen soilik balkoira iristeko. Tartean plazan bildutako jendetzari aurre egin behar izan zion. Izan ziren bultz egin zutenak, eta eskua luzatu ziotenak, baina orokorrean aurreko urteetan baino hobeto egin zuen zeharkaldia.
Zeledonen jaitsieran aldarrikapena festarekin uztartu zen, eta hainbat izan ziren ikusi ahal izan ziren leloak, euskal presoen eskubideen alde, murrizketen aurka eta fracking-aren kontra. Sei jaieguneko astea abiatu zuten atzo gasteiztarrek, eta gaur egun handia izango da. Blusa eta neskak kalera aterako diren lehenengo eguna izango da, eta lehen aldiz zezen-plazaraino joango dira, ilutzena bueltako bidea egiteko.