Sortzenek EgunOn! hautatu du aurtengo lelorako, eguneroko hartu-emanetan lehen hitza euskaraz esateak duen garrantzia azpimarratzeko. Gertuko hezkuntza publikoa, plurala eta burujabea aldarrikatzeaz gainera, euskararen aldeko mezua indartu dute. Euskararen ofizialtasuna eta D eredua aldarrikatu dituzte.
Eta aurten, iaz bezala barraskilo bat izan dute ikur: Euskarakilo. "Iazko jaiaren protagonista izan zen Ikaskilo barraskiloak lagun berria izanen du aurten: Euskarakilo barraskiloa". Slow eskolaren balioei euskararen aldeko aldarria gehituta. "Auzo bizi onaren eskola eta hezkuntza burujabetza, hori da gure ametsa. Eta ametsa euskaraz ere badela aldarrikatzera datoz Ikaskilo eta Euskarakilo", azaldu zuen Sortzen elkarteko ordezkari Aiora Epeldek, jaiaren aurkezpenean.
Uxue Barkos Nafarroako presidentea, Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramailea, Bakartxo Ruiz EH Bilduko parlamentarioa eta Aritz Romeo EH Bilduko Iruñeko udaletxeko zinegotzia izan dira, besteak beste jaiaren irekiera ekitaldian. Solanak aldarrikatu du euskal eskola publikoak bere tokia izan behar duela, eta gaineratu du, horretarako ari direla lanean beraiek.